Bi etxegabe hil dira egun berean, emakumezko bat eta gizonezko bat
Berri egunkarian argitaratu duten albistearen arabera, kalean hil diren urteko lehenak izan dira. Emakume bat eta gizon bat. Biak etxegabeak. Atzo gertatu ziren bi ezbeharrak, Donostian, Bulebarrean. Zazpi orduko aldearekin hil ziren biak, San Sebastian eguna belztuz. Lehen ikerketen arabera, arrazoi naturalak zirela medio galdu zuten bizia biek. Kutxa automatiko batean aurkitu zuten emakumea hilda, goizean, 06:30 inguruan. Donostiako Udaltzaingoak emandako datuen arabera, emakumeak beste bi pertsonarekin batera igaro zuen gaua, eta esnatzean, ez zela mugitzen konturatuta, udaltzainen laguntza eskatu zuten lagunek.
Udaltzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Kutxan dauden kamerek jasotako irudiak aztertuko ditu, eta emakumearekin gaua igaro zuten bi lagunei galdeketa egingo die.
Bigarren ezbeharra arratsaldeko lehen orduan izan zen, 13:00 inguruan, Bulebarrean bertan, kalean. Donostiako Udaltzaingoak zehaztu duenez, gizonezkoa ondoezik sentitu eta lurrera erori zen. Inguruan ziren lagunek larrialdi zerbitzuen laguntza eskatu zuten, baina ezin izan zuten ezer egin hari laguntzeko. Gizona bertan hil zen. 45 urte zituen. Bi etxegabeei autopsia egingo diete, heriotzaren zergatia argitzeko.