Gazte batzuk, herri kulturen alde topa egiten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Herri kulturen alde egin dute topa Donostiako Piratek, larunbata arratsaldean, udaletxearen aurrealdean. Alderdi Ederretik ez oso urruti, Viktoria Eugenia Antzokian, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren inaugurazio ofiziala egin dute, ordu berean. Bada, hiriburutzak egitasmo eta jarduera oparoak ekarriko dituela zalantzan jarri gabe, kulturari buruz “sakonean” gogoeta egin ote den kezka azaldu dute: “Hirian kulturaz hitz egiten ari garela iruditzen zaizue?”. Piraten ustez, “ez dugu uste, hiri bezala, kulturaren gaiari bere potentzial eta sakontasun guztiarekin eutsi diogunik”. Hala, kultura eredu desberdinei buruz gogoeta egiteko une aproposa dela iritzi dute: “Zaila izango da aurten baino urte egokiagorik aurkitzea, mahai gainean jartzeko herri kulturan lanean ari garen eragileon lanak errespetua merezi duela”.
Hain zuzen ere, Piratek jakinarazi dute ez dutela inolako asmorik 2016aren inguruko eztabaida dinamitzatzeko, baina eskatu dute euren eta herri mugimenduko gainontzeko eragileeen lanari oztoporik ez jartzea: “Gazteen ikuspuntutik, feminismotik, ekologismotik, internazionalismotik, euskaltzaletasunetik, autogestiotik, jai herrikoietatik, animalien eskubideen mugimendutik, kontsumo taldeetatik, auzo elkarteetatik, hedabide herrikoietatik, txirrindularien aldeko jardunetik, kulturgintzatik, giza eskubideen aldeko mugimenduetatik, arrazakeriaren aurkakotik, integrazioaren aldekotik, etxe kaleratzeen aurkako borrokatik… zenbat jende ari den, inurria bezala, lanean hiri honetan”.
Herri mugimenduen lana nabarmenduta, udalaren papera kritikatu dute, Donostia 2016 hiriburutzari eta hiri ereduari dagokionez. “Kapitala” eta “turismoa” besterik ez dutela buruan salatu dute. Eredu hori agerian uzteko, herri kulturen alde topa egin aurretik, parodia bat egin dute. Eneko Goia, ETBko kazetariak, Ainhoa Goikoetxea enpresaria eta turistak irudikatu dituzte antzerkiaren bitartez.