Euskaraz egiteko kanpaina aurrera doa Egian. Egia Bizirik auzo elkartea eta Trebeska dantza taldeko kideak izan ziren euskaraz egiteko erronkari heltzen lehenak. Joan den ostiralean Porrontxo jaietako kideei eta Antxeta Ttan ttakun aisialdi elkartekoei pasa zieten lekukoa, eta astebetez bizi dituzten egoerak kontatu dituzte.
Antxeta Ttan Ttakun kideetako batzuk aitortu du bere erronka pertsonala lagunekin euskaraz egitea zela, eta oso pozik dagoela bizitakoarekin: “Lagun askok euskaraz dakite, baina gazteleraz egiten dut beraiekin. Lortu dut beraiekin euskaraz egitea. Erdi martziano sentitzen nintzen, baina nahiko gustura nago esperientziarekin”. Jende berria ezagutzerakoan askotan gazteleraz egiteko ohitura dugula nabaritu du, eta hau aldatu beharra dagoela uste du: “Garrantzitsua da ohitura hau aldatzea. Lehen hitza euskaraz egitean, gero dena euskaraz egiten da eta”.
Beste kide batek azaldu du bere inguruan euskaraz egin ohi duela, eta egoera guztietan euskaraz egiten saiatu dela: “Nahiz eta parekoak erdaraz egin, nik euskarari eutsi diot, ez dut gaztelerara jo. Hori mantentzen saiatu naiz, eta harro nago horretaz. Gehiago egin behar dugu horrela. Ez dugu guk gure hizkuntza baztertu behar”.
“Auzoan euskaraz komunikatzeko arazo handirik ez dut izan”, esan du beste batek. “Elkarrizketa luzeak egiten ez ditugun bitartean, hizkuntzak ez du horrenbesteko garrantziarik”, gaineratu du. Halere, ezezagunekin beti gazteleraz egiten duela konturatu da.
Porrontxo jaietako kideek ere kontatu dute bizitakoa. “Kasu askotan ezinezkoa izan zait euskaraz egitea”, azaldu du kide batek: “Lanean, guraso batzuk Hego Amerikakoak dira, ez dakite euskaraz eta orduan…”. Saltokietan eta kalean beste joera batetaz ohartu da: “Konturatu naiz oso erosoa dela euskaraz agurtzea, baina gero eskatzerakoan gazteleraz egiten dugula. Horrelakoetan euskaraz egin behar da, eta nahiz eta besteak euskaraz egin, euskaraz ulertuko du. Gainera, nahiz eta gutxi izan, ikasiko du zerbait”. Euskaraz egiteko konpromisoak telefono konpainia baten deia 10 segundotan mozteko balio ziola kontatu du irribarretsu.
Beste kide batek azaldu du kanpainan bizitako esperientzia oso pertsonala izan dela: “Nire inguruan euskaraz bizitzeko aukera dut, baina egoera asko deserosoak izan dira beraientzat eta neretzat.Kasu askotan ez da batere naturala izan”. Beste kasu batzuk oso naturalak izan direla azaldu du: “Etxean, lanean, saskibaloi taldean… Ez dit inork ezer galdetu”. Astean zehar bizitako gauza on bat eta gauza txar bat azpimarratu ditu: “Esperientzia negatiboa. Lanean, Euskal Herriko Unibertsitatean, doktoretza eskolara euskaraz idatzi nuen, eta gazteleraz erantzun zidaten. Ez da horren erraza euskaraz egitea EHUn. eta positiboa, Egian bi pizzeria daudela, eta bietan euskaraz eskatu ahal izan dudala arazorik gabe. Batean euskaraz erantzun zidaten, eta bestean, euskaraz egin ez arren, den dena ulertu zidaten”.
Lekukoa orain Egia Eskubaloi taldeak eta Haurguneak hartu du. Hurrengo ostiralean, hilaren 29an, Haur Txokoak eta Gazte Guneak hartuko dute txanda.
Jarraitu Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpaina astero, Irutxuloko Hitzan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea