Amarakaldek konpartsa estandarte berriarekin aterako da
Iñaki Regil kideak diseinatu du Amara Berriko kaldereroen bandera.
Ehundik gora kaldererok piztuko dute jai giroa Amara Berrin larunbat arratsaldean. Gainera, inoiz baino harroago aterako dira, Iñaki Regil konpartsako kideak eskuz egin baitu Amarakaldek-en estandarte erraldoi bat – Sansebastianetarako Amara Berriko danborrada guztien logoekin bandera bana diseinatu zuen-. Armeria plazan hasiko dira kantuan, 17:30ean. Loiolako Erriberaraino iritsiko dira, eta berriz bueltan joango dira Amara Berrira. Ferrerias plazan bukatuko dute ibilbidea, 20:00ak aldera. Ostiral arratsaldean, 17:30ean, Zorroagako zahar etxera igoko dira, bertara ere festa zabaltzera. Donostiar guztiak gonbidatu dituzte Amara Berriko konpartsara: “Probatzen dutenek beti dute itzultzeko gogoa. Jai alaia da, nahi duenak abesten du, eta ordutegi oso ona daukagu”, azaldu du Jesus Ausejo Amarakaldek-eko presidenteak. Amarakaldek elkarteak, 2.000. urtean sortua, 15 danborrada biltzen ditu. Danborradan eta kaldereroetan parte hartzen duen jendea desberdina dela konturatu dira. Berez 1.500 danborrari biltzen ditu Amarakaldek, baina kaldereroetan soilik 100 lagun inguru. Adina ere desberdina dela azpimarratu du Ausejok, danborradan jende gazteagoak parte hartzen duela nabarmenduz. Eta Amara Berriko kaldereroen ezaugarri nagusi nat azaldu du Ausejok: “Emakumeen parte hartzea beste auzoetan baino handiagoa da. Beraiengatik ez balitz, gure konpartsa ez zen gaur egun dena izango”. Amarakaldek konpartsa berriz aterako da hurrengo astean, hilaren 6an. Parte Zaharrean aterako dira, Konstituzio plazan inauteri tradizionalaren harira egin ohi den desfilean.