Herriaren borondatea errespetatu arte ez dutela etsiko berretsi dute igeldotarrek
dekretua bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta horren aurrean zer iritzi duten azaldu dute. Ezer baino lehen, argi utzi dute herriaren borondatea errespetatu arte lanean jarraituko dutela, eta, “egun triste bat” izan arren, ez dela inolaz ere bukaera, “aro berri baten hasiera baizik”.
Jose Ignacio Galparsorok, Aitziber Alzuak, Ainhoa Gorostidik eta Iñaki Aizpuruak hartu dute hitza, Herri Kontseilua eta Itsas Aurreren izenean, hainbat igeldotarren babesarekin. Euren hitzetan, “ez gaude arazo juridiko baten aurrean, erabaki poltikoek judizializatu dute gaia, eta erabaki politikoak izaten dira legeak egin eta aldatzen dituztenak”. Igeldoren kasuan, “Donostiako agintariek ez dute gure borondatea errespetatu nahi izan, gu Donostian barruan mantendu gaituztelako, eta, paradoxikoki, hauexek izan dira urtetan ahaztuta utzi gaituzten berberak”. PSE-EE eta EAJ alderdiei zuzendu dira, eta argudio ekonomikoari, ez eta legediari ere, ez dietela begiratu salatu dute: “Zuen erabakiak kalkulu politiko hutsak dira”.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua aipatu dute, eta hiriburutzarekin “harro dauden horiei” koherentzia falta leporatu diete, “elkarbizitza” leloa ahoan izanagatik: “Hau al da defendatzen duten elkarbizitza? Gure borondatearen gainetik igeldotarrak Donostian mantentzearen inposaketa?”.
Salaketak salaketa, desanexioaren alde lan egiten jarraitzeko badaudela nahikoa arrazoi nabarmendu dute. Bizkaian gertatutakoa hartu dute adibidetzat; Usansoloren desanexioa, hain justu: “Ikusi dugu, borondate politikoa egonez gero, legedia alda daitekeela”.
Herritarrekin partekatuko dute orain EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, eta geroago erabakiko dute mobilizazioren bat egin edo ez. Hori bai, berriro garbi utzi dute EAJk eta PSE-EEk “giltzapetutako kaiolatik ateratzeko” lanean jarraituko dutela.
Igeldoko Herri Kontseiluak eta Itsas Aurrek agerraldi bat egin dute Igeldon, gau partean, ordu batzuk lehenago jakitera eman duten albistearen balorazioa egiteko. Hain zuzen ere, Igeldo herri bihurtzeko onartutako