300 kalderero eta zingara inguruk girotuko dute Parte Zaharra; Santa Maria elizatik abiatuko dute desfilea larunbatean, 21:45ean.
Hungariako Kaldereroen lehen konpartsako kide batzuk gaur, Parte Zaharrean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Aurten erregina berria izango du
Hungariako Kaldereroen lehen konpartsak. Martin Estebanezek abdikatu egingo du, eta bere seme
Joxean Estebanezek hartuko du kargua. Estebanezek 300 pertsona baino gehiago gidatuko ditu larunbatean: kaldereroak, zingarak, umeak, hartza eta bere hezitzailea, erraldoiak eta malabaristak, besteak beste.
Kide gehiago lortu dituztela azaldu dute, eta geroz eta gazte gehiago ateratzen dela konpartsan: “Lehen aldiz probatzen duten horiek euren ingurukoak ere animatu dituzte izena ematera; pixkanaka hazi egiten ari gara”.
Sarriegiren melodiak interpretatu eta dantzatuko dituzte desfilean zehar. Santa Maria elizatik abiatuko dira larunbatean, 21:45ean. Kale Nagusia, Fermin Kalbeton, San Jeronimo, Esterlines eta Narrika zeharkatu ondoren, Sarriegi plazan jarriko dute kanpamendua. Joxean Estebanezek bere lehen pregoia irakurriko du bertan. Ondoren, berriz ere Santa Maria elizarantz joango dira. Aizepe, Gaztelubide eta Aitzaki elkarteen aurrean bukatuko dute desfilea.
1884ko otsailaren 2an egin zen lehen desfileaz geroztik, kaldereroen tradizioari eutsi diotela azaldu du
Miriam Arruabarrenak: “Kalderero eta zingarook hemen jarraitzen dugu. Larunbat honetan berriz aterako gara Parte Zaharretik, Raimundo Sarriegik gure paisaiak zeharkatzen zituzten ijitoen tribuen oroimenez konposatutako kantak abestuz eta interpretatuz”.