Dbusen 32 linea, Puiora iristen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Aieteko Lantxabe auzo elkarteko kideek eta Dbuseko ordezkariek bilera egin zuten astelehenean, Aiete eta Atotxako autobus geltoki berriaren arteko loturari buruz hitz egiteko, eta auzoko lineatan egin daitezkeen aldaketak eztabaidatzeko. Proposamen guztiak autobus konpainiaren Administrazio Kontseiluaren eta Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranaren esku utzi dituzte, eurek azter ditzaten.
Proposatutako aukeretako bat 19 linea handitzea izan da; Aiete-Bera Bera linea, hain justu. Helburua Atotxarekin lotura egitea litzateke, baina Bera Berako auzotarren elkarteak hasieratik esan du nahiago duela linea horrek Gipuzkoa plazan amaiera izatea. Horrenbestez, Dbusek Atotxako autobus geltoki berrira joateko beste linea bat sortzea mahai gainean jarri du, alternatiba gisa; Easo plazatik igaroko lirateke, EuskoTrenekin ere lotura izateko.
Autobus geltoki berritik gertu dago Bilbo plaza. 32 lineak, Puio-Errondo lineak, bere ibilbidea handitzea proposatu dute, Atotxara iritsi ahal izateko. Dbusek, baina, ohartarazi du Errondogainean bizi diren auzotarren deiak jaso dituztela; zenbait bizilagunek esan dute nahiago dutela Askatasun hiribidera iristea, Bilbo plazara beharrean. Bestalde, 32 linearen ibilbidea handitu ahal izateko, zenbait obra egin beharko lirateke Merkezabal kalean; bi norabide egokitzeko, aparkatzeko zortzi toki kenduta.
Autobus geltoki berriari buruzko loturaz gain, beste lineatan egin daitezken aldaketak aipatu zituzten bileran. Dena den, proposamen guztiek Administrazio Kontseiluaren eta Udalaren argi berdea behar dute, eta, kasu gehienetan, finantzazioa behar dute aurrera eraman ahal izateko. Hori bai, 32 lineako aldaketak “berehala” egin daitezkeela ziurtatu du Lantxabek, ordutegien azterketa egin eta bizilagunekin hitzartu eta gero.