Errausketaren aurka protesta egin dute udalbatzarrean
mozio bat aurkeztu dute EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, baina ez du aurrera egin, EAJ, PSE-EE eta PPren kontrako botoengatik. Errausketaren aurkako zenbait herritar bildu dira udaletxean, eta, udalbatzarreko bozketa amaitu denean, azpiegituraren aurkako oihuekin erantzun diote bozketaren emaitzari. Honela gauzak, Eneko Goia alkateak isiltasuna eskatu die, eta, protestak bere horretan jarraitu duenez, agintari jeltzaleak bildutakoak kanporatzeko agindua eman du.
Mozioari dagokionez, EH Bilduko eta Irabazi Donostiako ordezkariek errauste planta eraikitzeak ez duela zentzurik esan dute, “ez Zubietan, ez beste inon”. Osasun arrazoiak aipatu dituzte, baita arrazoi ekonomikoak ere, errauste planta bera ez litzatekeelako errentagarria izango, are eta gehiago 2020. urtean ezarriko duten muga kontutan hartuta: birziklatu ezin diren hondakin biodegradaezinak baino ezingo dira erre urte horretatik aurrera, Europako Parlamentuak adostutako ebazpen baten arabera. “Zati birziklaezina, errefus esaten diogun hori, hondakin guztien %12 inguru da. Gipuzkoan, 2014an, 315.000 tona hondakin sortu ziren guztira. Horrek esan nahi du, 2020an, 38.000 tona besterik ez dela erretzerik izango. Hala ere, 200.000 tona erretzeko moduko planta bat egingo dute”, azaldu dute mozioaren aurkezleek.
Errausketaren aurkako