Karlos I.aren etorbidea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Karlos I.aren zubibidea eraisteko aldarrikapen historikoa mahai gainean jarri dute berriro udalean, urtarrileko udalbatzarraren bitartez. Aldundiak ez du 2016. urteko aurrekontuan dirurik bideratu Karlos I.aren etorbidearen arazoari konponbidea emateko, eta, EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak ohartarazi duenez, aldundiko ordezkariek esan diete bizilagunei ez dutela egitasmoa foru erakundearen plan estrategikoan jaso.
Hori dela eta, amaratarrak “hauteskunde iruzur baten aurrean” daudela salatu du Jakak, EAJk eta PSE-EEk zubibidea deusezteko asmoa agindu baitzuten. Horren ordez, udal gobernuko kideek erakundeen arteko batzorde bat eratzeko proposamena babestu dutela kritikatu du, aldundiarekin “akordio bat lortzeko” helburuarekin, halako neurriak “hamaika aldiz eskatu ditugunean”.
Hain zuzen ere, aldundia eta udalaren arteko batzorde bat eratzea izan da udalbatzarrean adostutakoa, EAJk eta PSE-EEren babesarekin. “Batzorde bat eratzeari buruz hitz egiten ari dira, zubibidea eraisteari buruz hitz egin beharrean. Susmagarria da oso. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk jakin badakite aldundiak ez duela ezer egingo Karlos I.arekin eta, horrenbestez, jakin badakite Amarako bizilagunei iruzur egingo zaiela”, adierazi du Jakak, eta “oso larritzat” jo du egoera.