Koldo Almandozek 'Untzi Phantasma' film esperimentala estreinatuko du Rotterdamen
“Kruzero batean itsasoratuko gara, ontzi, hondoratze, zinema, fantasma, amodio eta banpiro istorio batean murgiltzeko”. Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak berak esan du film “phantasma” bat dela. Kruzero batean hasi zen istorioa, eta bitakora kaiera baten orrialde zurietan bere kabuz idazten joan dela.
Istorio desberdinen hariekin ehundu du Sipo Phantasma (Untzi Phantasma): kruzero moderno eta zaharrak, noraezean utzitako barkuak, hondoratzeak, Florence Balcombe, Bram Stoker, Oscar Wilde, Murnau eta Nosferatu bezalako pertsonaiak. Hain zuzen, Bram Stokerren Drakula nobelak bezala, ahots desberdinak biltzen ditu, eta narrazio ez zuzenetan oinarritzen da: “Ikuslea izango da pelikula osatzen duten atalen arteko loturak egiteko aukera izango duena”.
Filmaren musika Joserra Senperenak eta Ignacio Bilbaok osatu dute. Senperenaren 9 ganbera pieza diskoko abestiak aukeratu ditu Almandozek bere film berrirako. Gainera, pianista berari enkargatu dio Kalebegiak proiekturako osatu duen Narciso film laburrerako musika ere.
Otsailaren 2an estreinatuko du film berria, Rotterdamgo zinema jaialdian. Belarra film laburrarekin ere parte hartu zuen jaialdi berean, 2003. urtean.