Mozorrotzeko garaia iritsi dela iragarri dute
Zartagin hots eta kantu artean girotu dituzte auzoak kaldereroek.
Egun gutxi geratzen dira inauteriak iristeko, eta Hungariako kaldereroak Donostian dira jada, mozorrotzeko ordua heldu dela iragartzeko. Arratsaldean hasi dira lehen zartagin doinuak zabaltzen, eta gauerarte izango dira jai giroan.
IRUTXULOKO HITZA Amara, Egia eta Parte Zaharreko kaldereroen konpartsen desfileetan izan da, eta irudi bilduma batean elkartu ditu irudi guztiak.
Eltze eta zartaginak astintzen jarraituko dute bihar, igandea, Loiolan, goiz eta eguerdi partean. Eta hurrengo astean Antiguan ere izango dira kaldereroak, ostiralean.
Inudeak eta artzainak
Bihar, igandea, inudez eta artzainez beteko dira Donostiako kaleak. Urteroko desfilea egingo dute hiriko kaleetan barna. Kresala elkarteko Inude eta Artzainen konpartsa Euskal Herria kaletik irtengo da 12:00etan. 150 kidez osatutako konpartsa da, eta hiriko jendetsuena da. Aurten gainera keinu egingo diote hipodromoaren 100. urtemugari.
Erlazionatutako edukiaAmarako kaldereroak, 2003tik euskaraz kantatzen