Udan Saharako haurrak jasotzeko familiak behar dituzte
Oporrak Bakean programako kideek laguntza eskaera egin dute. Azken urteetan ume sahararrak jasotzen dituzten familia kopuruak nabarmen egin du behera.
Xabier Euzkitze bozeramaileak emandako datuen arabera, iaz Hego Euskal Herrian 460 familia bildu zituzten; horietatik 140 gipuzkoarrak.
Euzkitzeren arabera, elkartasun inertziak indarra galdu du azken urtean, eta krisiak ere giro ezkorra zabadu du jendartean. Testuinguru honetan, gero eta gehiago kostatzen ari zaie elkarteei familiak lortzea.
Baina Saharako egoera latza dela gogoratu du Euskitzek, bereziki haurrentzat. Udan 60 graduko tenperaturak jasan behar dituzte, eta Euskal Herrira etorrita bi hilabeteko indar aldi bat jasotzen dute. Ondo jan, mediku azterketa bat egin eta opor garaia familia giroan igarotzea da helburua. Gainera, Saharako egoera eta euren burruka agerian uzteko mezularirik onenak haurrak direla nabarmendu dute.
Honen inguruan, euskal familiei bost minutuz gogoeta egiteko eskatu die Euzkitzek, eta Oporrak Bakean programan parte hartzeko gonbita luzatu die. Interesa duenak Sahararen aldeko edozein elkartetara jo dezake.