Aurtengoa 14. ekitaldia izango da; apirilaren 15etik 22ra ospatuko dute.
XII. edizioko Gazte epaimahaia. (Argazkia: Donostia Kultura)
Donostiako XIV. Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahairako izena emateko epea zabalik dago jada. Hala,
18 eta 30 urte arteko gazteek webgunean izena eman dezakete,
martxoaren 28ra arte. Bertan parte hartzeko oinarriak dituzte. Martxoaren 30ean zozketa egingo dute eta Zinemaldiko webgunean irabazle suertatu direnen izenak emango dituzte ezagutzera. Zinemaldia apirilaren 15etik 22ra bitartean izango da.
Saharako zinemaldirako bi bidaia zozkatuko dituzte
Zinemaldiko saio eta bestelako jarduera guztietara doan joateaz gain, gazte epaimahaikideek Deustuko Unibertsitateetan ECTS bat eta EHUn
aukera askeko kredituak lortzeko aukera dute (graduren bat egiten ari diren ikasleentzat ez du balio, EHUren kasuan). Gainera, aurten, lehenengo aldiz Dajlan (Aljeria) errefuxiatu saharar kanpamentuetan egiten den
Saharako Zinemaldirako (FiSahara)
bi bidaia zozkatuko dituzte partaide guztien artean.
Horrez gain, behin zinemaldia amaituta,
diploma bat jasoko dute eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko, Viktoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie. Epaimahaia 150 pertsonek osatzen dute eta Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari 3.000 euroko saria emateaz arduratzen dira.
Iazko gazte epaimahaiak Christophe M. Saber suitzarrak zuzendutako
Discipline film laburrari eman zion saria Nazioarteko Lehiaketan. Ikusleek, aurreko urteetan bezalaxe, giza eskubideen aldeko kontzientziazio eta sentsibilizazioarekin konpromisoa duten egungo edota interes orokorreko gaiak jorratzen dituzten dokumentalen, pelikulen eta film laburren emanaldietara joateko aukera izango dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera antolatzen dira, besteak beste, solasaldiak, erakusketak eta tailerrak.