Satorralaiak dagoeneko lau inguruetan lanean ari direla adierazi du: hiru makina ikusi dituzte Erdialdean; eta bat, Antiguan.
Easo kalean egin dute elkarretaratzea, makina baten aurrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Satorralaiak, Metroaren proiektua gelditzeko bizilagunen mugimenduak,
elkarretaratzea egin du gaur, Erdialdeko Easo kalean. Izan ere, bertan
Metroaren azterketa lanak egiten ari direla ohartu dira, eta hori
salatzeko bildu dira hamarnaka pertsona. Horretaz gain, Erdialdeko beste bi guneetan zundatzeak egiten ari direla adierazi dute – Zaragoza plazan eta Artzain Ona elizaren inguruan –, eta beste bat, Antiguan. Metroaren azterketa lanak gelditzeko eskatzeaz gain,
Eneko Goia alkatearekin otsailaren 9an bilduko direla azaldu dute, IRUTXULOKO HITZAk aurreratu zuen bezala.
Datorren asteartean izango duten bileraren bidez, bizilagunen taldeak Metroaren gaiaren inguruan “herritarren artean dagoen ezinegona” helarazi nahi diote alkateari. “Donostialdean garraio publikoaren irtenbiderik egokiena izan daitekeenari buruz eztabaida eta
prozesu parte hartzaile bat irekitzeko dagoen beharra adierazi ere bai”. Hiritarrei kontsultatzeko mekanismoak daudenez, udalak konpromisoa hartu dezala nahi dute. Halaber, euren deia Ana Oregi sailburuari ere zuzendu diote, “nahiz eta berarekin biltzeko egindako eskaerak ez duen oraingoz erantzunik jaso”.
Zundatzeei dagokienez,
herritarrei adi egoteko eskatu diete: “Metroaren proiektuaren ibilbidean edozein lan ikusiz gero, bizilagunen mugimendu honi jakinarazteko eskatzen diegu, lan horiek gelditu ahal izateko”. Modu horretan, Satorralaiak informazioa zabaltzen eta mobilizatzen jarraituko duela argi utzi du, “proiektua gelditzeko eta Donostialdean garraio publikoaren inguruan irtenbiderik egokiena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu parte hartzaile bat irekitzeko”.