Intxaurrondo ikastolako guraso ohiak, Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko guraso eta irakasleak, Artzak Ortzeok elkarte gastronomikoko kideak eta Zulo Zahar elkartekoak irtengo dira abestera.
Intxaurrondo ikastolako guraso ohiak, kantatzen. (Argazkia: Intxaurrondo ikastolako guraso ohiak)
Intxaurrondotarrek gaurko plana ziurtatuta dute auzoan. Izan ere, Santa Ageda bezpera ospatzeko aukera ugari izango dituzte. Intxaurrondo ikastolako guraso ohiak 19:30ean abiatuko dira Haizalde elkartetik; Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko guraso eta irakasleak, 18:30ean; eta, Zulo Zahar elkartekoak, 19:00etan.
Ohiturari jarraituz,
Intxaurrondo ikastolako guraso ohiak Santa Ageda bezperan kalera irtengo dira koplak abestera. Taldea 25 lagun inguruk osatzen dute, eta aurtengo urtea berezia izango da. Hain zuzen ere, gurasoen taldea osatu zutenetik 20 urte igaro dira, eta urteurrena ospatuko dute. Haizalde elkartetik 19:30ean irtengo dira, eta bi orduz ibiliko dira auzoan zehar. Aurten elkarte horretako dozena bat lagun animatu dira gurasoekin abestera. Hortaz, 36 lagun elkartuko dira guztira.
Trikitixa eta panderoaren laguntzarekin egingo dute bidea, eta auzotik ateratzen diren beste hiru talderekin elkartzen saiatuko dira –Artzak Ortzeok elkarte gastronomikoa, Zulo Zahar elkartea eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxea–, denok batera abesteko. Lourdes Undapilleta kideak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio une gogoangarriak izaten dira.
Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak ere ez du hutsik egingo. Goizean, 5. eta 6. mailako ikasleek bira bira bat egingo dute eskolatik barrena, beste mailetako haurrei abesteko. Arratsaldean, berriz, guraso eta irakasleek hartuko dute lekukoa, eta auzoko talde batekin ibiliko dira Intxaurrondo Hegoatik, 18:30etik aurrera.
Zulo Zahar elkarteak, urtero bezala, abestera irtengo da. Elkartean bertan dute hitzordua, 19:00etan, eta auzotik zehar ibiliko dira koplak kantatzen. Ibilbidea amaituta eta indarrak hartzeko asmoz, afari xume bat prestatuko dute.