Hiztegi-makina bat sortzeko erronka ezarri du Bagerak, Donostia 2016rekin elkarlanean. Lan taldea otsaila eta martxoan bilduko da, Tabakalerako Hirikilabsen laborategian. Lehen saioa egin dute jada.
Proiektuaren lehenengo saioa egin zuten ostegun arratsaldean, Tabakaleran. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzarekin elkarlanean, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak abian jarri du hiztegi-makina bat sortzeko proiektua. Behin lan taldea osatuta, atzo elkartu ziren partaide guztiak Tabakaleran, Hirikilabsen Kultura Digitala eta Teknologia Laborategian. Otsaila eta martxoa bitarte hitzordua ostegunetan finkatu dute, hiztegiak inprimatuko dituen makina pixkanaka-pixkanaka eratzeko.
Euskarriak proiektuaren baitan landuko du Bagera elkarteak egitasmoa. Aurten, gutxienez dozena erdi bat proiektu egitea aurreikusi ditu, hizkuntza, hizkuntza aniztasuna eta euskararen normalizazioaren inguruan. «Parte hartze prozesu bat eraman genuen aurrera, Donostiako talde eta eragile desberdinekin. Bertan, gai horiekin zerikusia zuten proposamenak atera ziren, eta horiek bideratu nahian gabiltza», azaldu du Bagerako Aroa Huartek, hiztegi-makina proiektuaren arduradunak.
Proposamen horietako bat izan zen hiztegi batzuk kalean eskuragarri jartzea. Horretarako, makina bat sortzea bururatu zitzaien, eta, hasiera batean «oso zaila» izango litzatekeela uste izan bazuten ere, «Hirikilabsekoekin hitz egin genuen, eta beraiei oso erronka polita eta egingarria iruditu zitzaien».
Hortaz, deialdi ireki bat egitea erabaki zuten, euskara eta teknologia berriak batzen dituena, lan talde bat osatu ahal izateko. Partaideek ez dute inongo baldintza zehatzik bete behar izan, «ezagutza teknikoa duen norbait izan daiteke, edo parte hartzeko gogoa duen edozein».
Hala, hamabi lagunez osatutako taldea lanean hasi da jada, eta otsaila eta martxoa bitarte ostegunero elkartuko da hiztegi-makina osatu arte. Parte hartzaile gehienak hizkuntzalaritza, informatika edo diseinu grafikoko arlokoak dira. Beraiekin M-Etxea kolektiboko kideak egongo dira, proiektua dinamizatzen.
Atzokoa lehen saioa izan zen, eta hiztegi makina nola sortu pentsatzen ibili ziren. «Euskaltzaleen topagunearekin hitz egin dugu, eta beraiek badituzte 60 hizkuntzetako hiztegitxoak sarean. Horiek baliatuko ditugu makina sortzeko, bertan dagoen lexikoa erabiliko dugu», adierazi du Huartek.
Edonorentzat eskuragarri
Diseinu eta sorkuntza prozesua amaitzen dutenean, asmoa da hiztegi-makina espazio publikoan jartzea. «Edonorentzako eskuragarri jarri nahi dugu. Hiztegi-makinak pantaila bat izango luke, eta erabiltzaileak aukeratu beharko luke zein bi hizkuntzetako hiztegia inprimatu nahi duen. Horixe izango da unean jasoko duena; bi hizkuntzen hiztegitxo bat, alegia», esan du Huartek.
Hizkuntzei dagokienez, interesgarria iruditzen zitzaie,n hizkuntza «nagusiak» ez ezik –ingelesa, frantsesa, gaztelania, eta abar–, hizkuntza ez hain ezagunak ere erabiltzea. Hala, 60 hizkuntza txertatuko dituzte makinan: nepalera, maputxera, kroaziera, bablea eta gaelikoa, beste askoren artean. «Azkenean, jatorri ezberdinetako jendearen artean harremanak sortzeko tresna txikiak dira», nabarmendu du Huartek.
Zein formatutan inprimatu, zer material erabili… bi hilabeteotan pentsatu beharko du lan taldeak. Eraikuntza, diseinua, informatika edo programazioa izango dira aztertu beharko dituzten ezaugarriak. Huarteren arabera, «M-Etxeko kideak dinamizatzen egongo diren arren, ez diete inongo planik zehaztuko. Parte hartzaileek beraiek aukera edukiko dute soluzioak bilatzeko».
Hortaz, 60 hizkuntzen aniztasuna eta teknologia berriak batuko dituen tresna Aste Santurako amaituta egotea aurreikusten dute.