Ikusle ugari izan ditu itsasoak
Ezarri duten alerta laranja dela eta, herritar asko hurbildu dira olatuak ikustera.
Marea biziengatik alerta laranja ezarri dute gaurko eta biharko. Gaurkoa, astelehena, arratsaldean piztu dute, 18:00etan, 6 eta 7 metroko olatuak iragarriz. Hala, igandea arratsaldeaz geroztik Salamanka Pasealekutik Paseo Berrirako sarrera itxita dago, baita inguruko kale nagusiak ere.
Egoerak ikusmina sortu du, eta Kursaaletik eta Salamanka pasealekuaren hasiera aldetik ikusi dituzte herritarrek olatuak, nahiz eta “espero bezain handiak” ez izan.
Halere, bihar (asteartea), 03:00etatik 07:00etara piztuko dute alerta gorria, eta ordu horietan gorabehera batzuk sor daitezkela iragarri dute. Horregatik, Parte Zaharreko zenbait lokal eta etxebizitzetako bizilagunek euren atariak babestu dituzte, ura sartu ez dadin.
Era berean, Donostiako Udalak olatuen arrisku egoeretako larrialdi protokoloa abian jarri du. Babes Zibila, Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Mugikortasuna eta Gune Publikoetako arduradunak egoeraren jarraipena egiten ari dira, igandeaz geroztik indarrean dagoen mahai teknikoaren baitan.
Erlazionatutako edukiaLarrialdi plana indarrean da, olatu handien arriskua dela eta