Astearte goizalderako alerta gorria ezarri dute; hainbat segurtasun neurri hartu dituzte.
Atzo arratsaldean jende ugari joan zen Pasealeku Berrira olatuak ikustera. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Itsasaldeko arriskuari dagokion
alerta laranja ezarri dute gaurko eta biharko.
Marea biziak iragarri dituzte, eta gorabehera batzuk sor daitezke kostaldean. Arratsaldean piztuko dute alerta, 18:00etan. Arreta eskatu dute itsasertzean, 6 eta 7 metroko olatuak espero baitituzte. Euskalmet agentziaren arabera, hurrengo egunetarako itsas denborale indartsu batek joko du kostaldea.
Astearte goizaldean ere gogor joko du kostaldea, eta
alerta gorria piztuko dute 03:00etatik 07:00etara. Donostiako Udalaren larrialdi plana indarrean da kostaldean sortu litezkeen olatu handien arriskua dela eta.
Behin Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja egoera ezarrita, udalak olatuen larrialdi protokoloa aktibatzea erabaki du.
Igande arratsaldeaz geroztik Salamanka Pasealekutik Paseo Berrirako sarrera itxita dago, baita inguruko kale nagusiak ere (Aldamar eta Soraluze kaleak, eta Zuloaga plaza). Olatuen talkek eragin ditzaketen arazoak ekiditea eta inguruan sor ditzaketen arrisku egoerei aurrea hartzea da neurrion arrazoia.
Era beran,
15:00etatik ibilgailu zein oinezkoentzako mozketak egiten jarraituko dira, eta 22:00etik aurrera Salamanka Pasealekua guztiz itxita egongo da, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat. Halaber,
Urgull mendiko sarrerak ere itxi egingo dira, baita
Haizearen Orraziko pasabidea, Tenis Klubetik aurrera.
Olatuen arrisku egoeretako larrialdi protokoloa abian jarri du udalak. Babes Zibila, Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Mugikortasuna eta Gune Publikoetako arduradunak egoeraren jarraipena egiten ari dira, igandeaz geroztik indarrean dagoen mahai teknikoaren baitan. Egoeraren jarraipena egingo dute arduradunok eta datozen orduotako bilakaeraren arabera hartuko dituzte dagozkion erabakiak.
Inguruko bizilagun, dendari zein ostalariek informazioa jasoko dute hartu beharreko neurriak har ditzaten. Halaber, Udalak dei egin die herritarrei arrisku lekuetatik urrun egon, segurtasun neurriak hartu eta zentzuz jokatzeko.