Papin-Molinao industriagunera doan bidetik igaro den lehen kamioia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Industriagunera joan etorrian dabiltzan kamioiek ez dute irisgarritasun arazorik izango gaurtik aurrera.
Goizeko lehen orduan ireki dute Pasai Antxoko biribilgunea eta Papin-Molinaoko industriagunea lotzen dituen bide berria.
500 metro besterik ez ditu, baina industriaguneko arduradunen arabera nabarmen hobetuko ditu lan baldintzak. Gaur arte
Eskalantegi kalea zeharkatu behar zuten kamioiek, eta asko izan ohi ziren
Pitxitxulo zubian pasa ezinik geratzen ziren kamioiak. “Kamioi ertainek maniobra pare bat egitea nahikoa izaten zuten, baina kamioi handiek ezin zuten zubia gurutzatu. Edo gurutzatzen hasi, eta bertan pasa ezinik geratzen ziren”, esan du Miguel Garcia de Andoin, Papin-Molinaoko industriaguneko enpresarien elkarteko lehendakariak.
Baina gaurtik aurrera,
18 urteko eskariei erantzunez, arazo horiek gainditu dituztela, eta pozik agertu da Garcia de Andoin. Autobidearekin lotzen duen sarrera zuzena irekitzea “lehen aurrerapausoa” dela esan du, eta industriagunea biziberritzen lagunduko duela sinetsita dago.
Horretarako, ordea,
industriaguneko hirigintza ezaugarriak aldatu beharra dago. Hau da, gaur egungo Plan Orokorrak 244 etxebizitza egitea aurreikusten du inguru horretan, eta ez dago jarduera ekonomiko berririk abian jartzerik; eta ezta daudenak handitzerik ere. Garcia de Andoinen ustetan, egoera “zentzugabea da, hirigintza proiektu hori ez delako egingo, baina aldi berean, industriagunearen garapena oztopatzen duelako”. Horregatik, Hirigintza Planaren aldaketa eskatu diote udalari.
Udal ordezkariak, bide berrian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gaur egun
22 enpresa daude Papin-Molinaon, eta
230 bat langilek egiten dute lan bertan. Baina Garcia de Andoinen ustez, industriaguneak oso kokapen ona du, Frantziatik oso gertu dagoelako, eta bertan jarduteko interesa badago;
beste 18 bat lanpostu sortzeko aukera behintzat bai: “Pabiloi asko daude hutsik, eta jabeek gustura saldu edo alokatuko lituzteke. Beste aldetik, euren jarduera Papinen jarriko luketen enpresariak ere badabiltza galdezka. Edo geure kasuan, gustura handituko genuke lokala, baina gaur gaurkoz ez daukagu ezer egiterik”, esan du Garcia de Andoinek.
Egoera honek irtenbide erraza duela esan du Eneko Goia alkateak. Bide berriaren irekieran izan da gainerako ordezkari politikoekin batera. Plan Orokorraren aldaketa zehatz bat egitea nahikoa dela uste du, eta horretarako prest agertu da.
Dena dela, 500 metro eskasek inguruan eragingo duen onura nabarmendu du alkateak. Batetik, “industriaguneko langileek sarrera-irteera duin bat” izango dutela esan du. Eta bestetik, Pasai Antxoko bizilagunek jasaten zituzten eragozpenak ere izan ditu gogoan.
Papin-Molinaoko industriagunea biziberritu eta garatzeko lehen urratsa egin dutela berretsi du Goiak.