Alkatearekin izan duen bileraren berri emango du gaur Satorralaiak
Metroaren aurkako Satorralaia bizilagunen mugimenduak jakinarazi du Eneko Goia alkatearekin izan duen bileraren berri emango duela gaur arratsaldean. Metroaren gaiaren inguruan “herritarren artean dagoen ezinegona” helarazi, eta prozesu parte hartzaile bat irekitzeko beharra adierazi nahi ziotela azaldu zuten joan den astean. Loiola kalean, San Martin merkataritza zentroaren ondoan, elkartuko dira gaur 17:00etan, bileraren ondorioen berri emateko.
Metroaren proiektua gelditu eta kontsulta bat eskatzeko mobilizatzen ari da Satorralaia mugimendua. Auzoz auzoko bilera informatiboak egin ditu, eta joan den urtearen bukaeran, metroaren aurkako manifestazio jendetsua egin zuen. Asteotan, metroaren igarobidea egiteko azterketa geoteknikoak egiten hasi direla ohartu dira, eta protesta egin dute kalean.
Jarraitu metroaren inguruko albisteak Irutxuloko Hitzan.