500.000 euroko kalteak eragin ditu denboraleak
Kopurua duela bi urte baino txikiagoa da; 2014an kalteak 5,5 milioi eurokoak izan ziren.
itsas denboralearen ostean, hiria pixkanaka normaltasunera bueltatzen ari da. Gaurkoan, kalteek suposatuko duten kalteen berri eman du udal gobernuak. Hain zuzen ere, 500.000 euro inguru balioko du kaltetutako guztia berreskuratu edo konpontzea. Kopurua duela bi urte baino txikiagoa da; 2014an, kalteak 5,5 milioi eurokoak izan ziren. Udalak larrialdiko dekretua abian jarri zuen kaltetutako guneak konpontzeko, eta jada hasi dira lehendabiziko lanak egiten, lehengo egoerara bueltatu ahal izateko.
Pasealeku Berrian, hartxintxarrezko 60 metro koadroko hartxintxarra jarri beharko dute –hasieran, uste zuten zoladura bera apurtu zela–. Era berean, hautsitako hormaren 30 metro konpontzen hasiko dira laster, baita metalezko barandako bi zati ere. Bestalde, ondorengoak konpondu beharko dituzte Pasealeku Berrian: 39 jarleku, 4 kaleargi, 9 zakarrontzi, eta pasealekuaren harea eta arrokak garbitu.
Haizearen Orraziak nahiko ongi egin dio aurre denboraleari. Mendi mazela egonkortzeko lanengatik itxita dago ingurua, eta hori babesten zuten hesiak izan dira kaltetuenak. 80 metroko itxitura berriz jarri beharko dute. Txillida pasealekuko hondarra garbitu eta kaltetutako altzariak berrituko dituzte.
Hondartzei dagokienez, Ondarreta pasealekuko harea garbituko dute, eta Hydra inguruko 22 metroko baranda berria jarriko dute. Kontxa hondartzan, kalte handiena jasan dutenak Eguzki, Perla eta Donostiako Atletiko izan dira. Euren aseguruaren bitartez egingo dute lan dena konpontzeko. Rotonda dantzalekua udalaren lokal bat da, eta bertan olatuak indar handiarekin sartu ziren. Kontxako barandako bost zati atera zituen denboraleak, baina gehienak berreskuratzeko aukera izan zuten. Hortaz, horiek konpontzen saiatuko dira. Zurriola hondartzan, 23 metroko baranda zati bat ere aldatu beharko dute, eta aldageletan hondar ugari dago.
Saguesen lur zati bat aldatuko dute, eta pasealekuaren amaieran dauden arrokak eta harea garbitu.
Parte Zaharrean ez dira kalte handirik aurkitu. Ur zikinen sarean hainbat hondakin aurkitu dituzte, eta horiek garbitu beharko dira sareak ongi funtzionatu ahal izateko.
Zubiei erreparatuz, Maria Kristina zubian barandaren hiru zati berriro jarriko dituzte, eta metalezko apaingarri bat ere bai (horien artean, zubiaren dragoietako bat). Mundaiz zubian bi metro koadroko zoladura jarriko dute, eta Lehendakari Agirre zubian 35 metro koadroko egurrezko lurra, olatuek altxatu zutena.
Astearteko