Madrilen atxilotutako txotxongilolarien aldeko elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean
Alfonso Lazaro eta Raul Garcia auzipetutako bi txotxongilolarien kargu gabeko askatasuna eskatzeko eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, Donostian. Herritar talde batek egin du protesta egiteko deia. Guztiok gara titiriteroak. Adierazpen askatasuna. Egin barre botereari. Gora txuleta eta pandereta! lelopean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan.
Pasa den ostiralean Madrilen Sorgina eta Don Kristobal obra egiten ari zirela Gora Alka-Eta pankarta bat erakusteagatik atxilotu eta espetxeratzeko agindu zuen Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak. Senide eta hurkoek, ordea, salatu dute pankarta fikzioaren parte zela, hain zuzen, polizia batek beste pertsonaia bat kriminalizatzeko erabiltzen zuena. Terrorismoa goratzea eta oinarrizko eskubideen eta askatasunaren kontrako delituak leporatu dizkiete. Zazpi urte arteko espetxe zigorra jar diezaiekete delitu horiengatik.