Pasealeku Berriak itxita jarraituko du olatuek kaltetutako zatiak konpondu arte
Aseguru-etxeen Partzuergoko perituak lanean ari dira kalteen hasierako kalkulua eman ahal izateko.
Partzuergoaren iturriek adierazi dute, kalteak 2014. urtekoak baino txikiagoak direla, baina hala ere azterketa sakonagoa egiten ari direla, eta hurrengo egunetan balorazio zehatzagoa egingo dutela.
Udalak larrialdiko dekretua abian jarri zuen kaltetutako guneak konpontzeko, eta jada hasi dira lehendabiziko lanak egiten, lehengo egoerara bueltatu ahal izateko.
Pasealeku Berriak itxita jarraituko du, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat, kalteak konpondu eta segurtasuna bermatu arte. Olatuek hautsitako petrila ordezkatzeko behin behineko hesi bat jarriko dute.
Olatuek eragindako beste kalteak ere neurtu dituzte. Urumea ibaiaren zubiek ondo eutsi diete olatuei. Kursaaleko zubiaren galeriak aztertu dira eta ondo daude, baita gainerako zubietako egiturak ere, Maria Kristinako zubitik eroritako barandak eta Lehendakari Agirre zubiaren lurretik altxatako egurrak izan ezik.
Nautikoaren pasarela eta eskailerak, Eusko Jaurlaritzak lehenbailehen konponduko dituela jakinarazi du udalak.