Sudur Krosa pirata izango da
Donostiako Piratek hartu dute Egiako lasterketa antolatzeko ardura.
Egiako Sudur Krosaren etorkizuna kolokan zegoen Jon Jakak antolatzaile nagusi izateari utzi zionetik. Azken lasterketaren amaieran eman zuen bere erabakiaren berri, eta beste norbaitek Sudur Krosaren ardura hartzeko eskatu zuen. Azkenean albiste onak iritsi dira, eta Jon Jakaren lekukoa hartuko dute Donostiako Piratek. 7. Sudur Krosa pirata izango da!
“Sudur Krosa kapitainik gabeko itsasontzia zen Jon Jakak timoia utzi zuenetik, eta erreleboa hartuko zion ausartaren faltan, urpean amaituko zuela zirudien… Donostiako piratek abordatu zuten arte! Arrr…! Ezkila kapitainak lema hartu, sudurra jantzi, begian partxea, bandera beltza, eta sudurrak pirata egin zaizkigu!”, adierazi dute Sudur Krosaren webgunean.
Apirilaren 23an egingo dute 7. Sudur Krosa, Egiako parkean (17:00). Berriz ere korrikalari sudurzalez beteko dute Egia, sei kilometroko ibilbidean zehar. Sudurzalez… eta piratez!