Errausketaren aurkako mugimenduak martxa bat egingo du errauste planta egin nahi duten orubeetara
Añorga Txiki, Andoain, Zizurkil, Lasarte-Oria, Hernani eta Usurbildik zutabeak irtengo dira hilaren 28an.
Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen duten talde eta eragileek Gipuzkoako errauste plantaren aurkako martxara joateko deia egin dute. Adierazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten alderdiek “kontrakoa” sinetsarazi nahi duten arren, “partida ez dago erabakita”. Izan ere, hondakinak errausteko azpiegitura hori “berpiztu” dutenetik, “kontrako oposizioa” ere “aktibatu” egin da.
Hainbat zutabe irtengo dira Zubietako gainetara 28an, eta denek bat egingo dute 12ak aldera Letabiden, erraustegia egin nahi duten tokian. Ekinaldiaren bultzatzaileek ohartarazi dute errausketa “arriskutsua” dela ingurumenarentzat eta osasunarentzat. Aldi berean, sistema “garestia” dela ere ohartarazi dute, eta hor kokatu dute GHK-k tarifak %20 garestitzeko hartu berri duen erabakia. Errauste plantaren proiektua “berriro” bide bazterrean utz daitekeela uste dute antolatzaileek, eta “behin betiko” oraingoan.