"Hau ariketa ona izan da kontzientzia hartzeko"
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainan parte hartu du, Egiako haurguneak.
Egian Euskaraz bizitzeko apostuaren alde egin dute auzoko hainbat eragilek. Zortzi astez txandak eginez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute. Urtarrileko azken astea izan zen Egiako haurguneari egokitu zitzaion astea, eta lekukotza interesgarriak utzi dituzte.
“Normalean euskaraz bizi naiz. Eta komunikazioan lehen urratsa euskaraz egiten nuela uste nuen. Aste honetan, ordea, uste baino gutxiagotan egiten dudala konturatu naiz. Esperientzia politak ere izan ditut, espero ez nuen lekuetan euskaraz egin ahal izan dudalako“.
“Zenbait lekutan euskaraz egitea zaila izango zela uste nuen, baina ez da hain zaila izan. Lagun min batekin izan dut arazoa. Beti erdaraz egin dut berarekin, hamabost urte daramat berarekin gaztelaniaz hitz egiten. Nahiz eta bera euskaldun berria izan eta, euskara ulertu, ezin izan dut euskaraz egin berarekin. Konturatu nintzen ezin nuela”.
“Esperientzia polita eta desberdina izan da. Auzoan erosketak egiterakoan, Egian posible da euskaraz egitea. Baldin badakit euskaraz badakitela, ba errazagoa egiten zait euskaraz egitea. Ez dakidanean, zailagoa egiten zait euskaraz hastea. Baina ustekabeak ere izan ditut. Denda batean adibidez nik euskaraz egin nion. Berak ez zekien euskaraz, baina ulertzen zidan, eta gazteleraz erantzuten zidan. Beste denda batean konturatu nintzen erdaraz hasi nintzela. Aldatu nuen euskarara, eta dendakoa eukalduna zen. Konturatu nintzen ohitura handia dugula erdaraz hitz egiten hasteko. Nire erronka zen lankideekin hitz egitea. Zenbait gauza lanekoak ezinezkoa zen euskaraz egitea. Baina hasi gara, eta nire asmoa da jarraitzea. Beraiek ere pozik daude. Nik euskaraz egiten diet, batzuek euskaraz hitz egin ahal izateko arazoak dituzte, ulertzen dute eta askotan gazteleraz erantzuten didate. Ni euskaldun berria naiz, eta ikasten ari nintzenean, euskaraz hitz egiteko eskatzen nuen. Topo egiten nuen euskaldun guztiek gazteleraz egiten zidaten. Ikasten ari zarenean oso beharrezkoa da euskaldunek euskaraz egitea. Bitxikeria gisa kontatuko dut espresio berri bat ikasi dudala denda batean. Lau euro eta 99 zentimo esan beharrean, 5 euro eta zentimo gutxi [barrez]. Lehen horrela esaten omen zuten”.
“Nik ere pentsatzen nuen beti egiten nuela euskaraz. Eta bai, lehen hitz euskaraz egiten dut, baina ez dut beti euskaraz mantentzen, nahiz eta besteak euskara ulertzen duen. Adibidez medikuarenean. Pediatrara joan ginen, ordezkoa zegoen. Lur ez zegoen gustura. Eta nik banuen presa, eraginkorra izatea nahi nuen afera. Handik alde egin. Azaleko gauzak euskaraz ongi. Baina ondoren bera gazteleraz, eta ni neu ere gazteleraz, besteak ulertzeko. Nire mugak ikusi ditut. Hau ariketa ona izan da kontzientzia hartzeko. Belar denda batera ere joaten naiz sarri-sarri. Hango nagusia euskalduna da, baina langilea argentinarra da. Ez du ulertzen. Ez gara lagun minak, baina konfiantza badugu. Halere ez naiz ausartu erratera, 1saiatuko gara zu gazteleraz eta ni euskaraz?’ Ez dakit nola erran berari, aldatzeko. Modu batera hasi baduzu harremana, kostatzen zait aldatzea”.
“Nik ere uste nuen gehiago hitz egiten nuela euskaraz. Eta konturatu naiz askotan gazteleraz egiten dudala, eta askotan euskara eta gaztelera nahasten ditudala. Pertsona berarekin hizketan bi hizkuntzak nahasten ditut. Bitxikeria gisa, gaur arratsaldean parkean geundela. Senarra eta biok euskaraz ari ginen. Itxura hego amerikarra zuen sei urteko neska batek euskaraz esan digu: ‘A baina zuek euskaraz hitz egiten duzue?’ Harrituko balitzaio bezala eskolatik kanpo ere euskaraz egitea. ‘Bai gu euskaldunak gara’, erantzun diot. Saiatu gara berarekin euskaraz hitz egiten.Nahiko ongi egiten zuen euskaraz. Zaila egin zait familiako kide batekin euskaraz egitea. Euskaraz egiten banion ulertzen zuen, baina nik bera larrituta ikusten nuen, eta orduan gaztelerara pasatzen nintzen. Gaizki pasatzen nuen bera larrituta ikustean. Baina orokorrean oso ongi”.
Gaur arratsaldean ordenagailu bat erostera joan gara. Lehen pertsonak erdara hutsean egin digu. Euskaraz egiteko aukerarik zuen galdetu diot, eta ezetz erantzun dit gazteleraz, baina euskaraz zekien lankide batengana eraman gaitu. bere lankideak euskaraz egin dit. Gero ordaintzera joan garenean berriz ere euskaraz ez zekien langile batekin egon gara. Nik euskaraz egingo niola esan diot. Poliki poliki bada ere, lortu dut dena euskaraz egiteko. Eta jarraitu egin dit. Beste garai batean ez nuke egingo, gazteleraz pasako nintzateke”.