Bizikletak gero eta zale gehiago ditu
Donostiak ia 30 kilometroko bidegorria du. Goiko auzoetan izan ezik, ibilbide gehiena laua da. eta hiria modu eroso batean zeharkatzeko aukera ematen du. Gero eta bizikleta zale gehiago ikusten dira kalean. Moda bat da? Joera kulturala? Bizikleta zaleentzako Bizikleta.eus topaguneak Donostian egin du bere webgunean eskaini ohi dituen bideoetako bat.
Neguko egun baten irudiak erakusten ditu bideoan, eta bizikletari buruzko zenbait datu ematen ditu. Eguraldiak, adibidez, ez ditu Euskal Herriko txirrindulariak kikiltzen. Urtean 140 egunez euria egiten badu ere, ia egunero bizikleta garraiobide gisa erabiltzen duten herritar asko eta asko daude. Eusko Jaurlaritzak sortutako topagunearen arabera, Donostian bizikletentzako 590 aparkaleku daude, eta 5.300 txirrinda uzteko tokia dago hirian.