"Harrigarria iruditzen zait oraindik administrazioan euskaraz ez dakien jendea aurkitzea"
Idoia Trenorrek Txondorra guneko kide gisa parte hartu du Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainan, eta bizitakoa kontatu du Egia Euskaraz-en webgunean. Ez du berezitasun handirik nabaritu. Euskara elkarte batean lan egiten du, eta nik badut lehen hitza euskaraz egiteko jarrera. Administrazioan izan ditu zailtasunak, Eusko Jaurlaritzan eta Ogasunean: “Niri egokitu zitzaizkidan langileek ez zekiten euskaraz hitz egiten. Gazteleraz esan nien nik euskaraz egingo niela. Nahiz eta beraiek gaztelaniaz egin, nik euskaraz egin nien, ulertzen zutelako. Harrigarria iruditzen zait oraindik administrazioan euskaraz ez dakien jendea aurkitzea”.
Bestalde, uste nuena baino gaztelera gehiago hitz egiten duela ohartu da: “Balio izan dit kontzientzia hartzeko. Askotan pentsatzen dut euskaraz ari naizela, baina gaztelerazko hitz eta esaldi asko erabiltzen ditut. Harritu samar nago neure buruarekin. Hemendik aurrera honi heltzeko gogoz nago”. Esperientzia gisa oso baliagarria iruditu zaio: “Kontzientzia hartzeko, aurrera egin eta nondik heldu jakiteko. Bakoitzak ikusteko non dituen hutsune horiek”.