Auzitegi Gorenera joko dute Igeldoren desanexioa defendatzeko
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo herri bihurtzeko onartutako dekretua, joan den urtarrileko epai baten bitartez. Bada, Itsas Aurrek erabaki horren aurkako kasazio helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Gorenean. Hala adierazi dute gaur elkarteko kideek, Donostiako udaletxean egindako agerraldi batean.
Bi oinarri izango ditu helegiteak: “Bata, epaitegitik rebokazio delakoa eman ez izana leporatzearen aurkakoa, gure ustez berme osoarekin eman zena 2013ko dekretuan. Bestea, interes publiko nahikoa ez izana, epaitegiak, gure aburu,z era partzialean hartu duelakoan, gaia bere osotasunean onartu gabe”.
Eneko Goia alkatea gogor kritikatu dute agerraldian, “gezurretan” ari dela nabarmendu baitute: “Gezurretan ari da dionean Igeldoko desanexioaren prozedura irregularra izan dela eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaiak desanexioa iruzurrezko prozeduratzat jotzen duela dionean. Epaian ez da horrelakorik esaten inon”. Are eta gehiago, nabarmendu dute “kontrakoa” gertatu dela: “Epaian behin jasotzen da ‘iruzurra’ hitza. Hain zuzen ere, administrazioek Espainiako Auzitegi Gorenak Igeldoko desanexioari ireki zenaren garaiko araudia (1995) aplikatzeko agintzen zuen epaia ez betetzea salatzen duenean. Epaiak garbi adierazten du, EAJk zuzendutako aldundiak, 2003-2010 urte bitartean, Auzitegi Goreneko epaia bete ez izana ulergaitza eta onartezina dela”.