Elkarteak kasazio helegitea aurkeztuko du Igeldoko desanexioa defendatzeko; Eneko Goia alkatea «gezurretan» ari dela salatu du, eta «iruzurra» EAJk egin duela nabarmendu du

2013ko azaroan egindako herri kontsulta. (Argazkia: Lide Ferreira)
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo herri bihurtzeko onartutako dekretua, joan den urtarrileko epai baten bitartez. Bada, Itsas Aurrek erabaki horren aurkako kasazio helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Gorenean. Hala adierazi zuten atzo elkarteko kideek, Donostiako udaletxean egindako agerraldi batean.
Bi oinarri izango ditu helegiteak: «Bata, epaitegitik baliogabetze delakoa eman ez izana leporatzearen aurkakoa, gure ustez berme osoarekin eman zena 2013ko dekretuan. Bestea, interes publiko nahikoa ez izana, epaitegiak, gure aburuz, era partzialean hartu duelakoan, gaia bere osotasunean onartu gabe».
Eneko Goia alkatea gogor kritikatu zuten agerraldian, «gezurretan» ari dela nabarmendu baitzuten: «Gezurretan ari da dionean Igeldoko desanexioaren prozedura irregularra izan dela eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak desanexioa iruzurrezko prozeduratzat jotzen duela dionean. Epaian ez da horrelakorik esaten inon».
Are eta gehiago, nabarmendu dute «kontrakoa» gertatu dela: «Epaian behin jasotzen da ‘iruzurra’ hitza. Hain zuzen ere, administrazioek Espainiako Auzitegi Gorenak Igeldoko desanexioari ireki zenaren garaiko araudia (1995. urtea) aplikatzeko agintzen zuen epaia ez betetzea salatzen duenean. Epaiak garbi adierazten du EAJk zuzendutako aldundiak, 2003-2010 urte bitartean, Auzitegi Goreneko epaia bete ez izana ulergaitza eta onartezina dela». Epaiak ez betetze hori «atzerapen bidegabea» eta «iruzurrezko ezbetetzetzat» jotzen duela adierazi zuten.
Igeldo Tokiko Entitate Txikia izateko esandakoen harira, Itsas Aurreko kideak ere kritiko izan dira: ««EAJk ez du inolako proposamen zehatzik egin». Hortaz, gorabehera guztiekin «nazkatuta» daudela berretsi eta igeldotarren borondatea errespetatzeko eskatu dute.