"Gakoa izan da irribarre egitea eta jarrera baikorra izatea"
Ane Urreizti Txondorra guneko kidea da. Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainaren laugarren txandan parte hartu du, astebetez euskara hutsean aritzen saiatu da. Bere esperientziaren berri eman du bideo batean. Harritu egin dela aitortu du. Nahiz eta lehen esaldia euskaraz egin, ondoren gaztelaniaz jarraitu ohi duela konturatu da, besteak beste: “Uste nuen dena euskaraz egiten nuela. Egoera desberdinetan nabaritu dut gazteleraz jarraitzeko joera dudala, beraz etxekolanak ditut egiteko”.
“Gakoa izan da irribarre egitea eta jarrera baikorra izatea”, Urreiztiren ustez. “Nire bizitzan aldaketa ekarriko du esperientzia honek, aldaketa positibo bat izango da. Lortu dut lehen sortzen ziren une gatazkatsuei buelta ematea. Lehen ez nintzen batere atsegina, eta orain ezezagunekin ere elkarrizketak izan ditut. Lortu ditut elkarrizketa elebidunak, euskaldunak… Gertatu zait amona batekin. Euskarazko esaldi motzak egiten hasi nintzen, eta irribarretsu agertu nintzen. Berak gaztelaniaz jarraitu zuen, eta nik euskaraz. Eta bat-batean bera ere euskaraz egiten hasi zen. Lorpen horrekin oso pozik nago”.
Aranzadiko lagun batzuekin mendira egin zuten ibilaldi batean bizitakoa ere kontatu du: “Esan zuten ibilaldi elebiduna egingo zutela, aita batek ez zekielako euskaraz. Baina dena gaztelaniaz egiten hasi ziren. Sutzen hasi nintzen. Beraz, irribarrea piztu nuen. Baina irribarrearekin bakarrik ez nindoan inora. Jarrera aktiboa hartu nuen, eta euskaraz galdetzen hasi nintzen. Lortu genuen dena euskaraz egitea“.