Navalcarnero, Ocaña eta Segoviako espetxeetan egon dira donostiarrak
Ezker abertzalearen Abian prozesuaren baitan, preso politikoen eskubideak aldarrikatu dituzte.
Abian hausnarketa prozesuaren baitan, ezker abertzaleak irteerak antolatu ditu Espainiako espetxeetara. Hain justu, sakabanaketa politika salatzeko eta preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko, larunbatean 3.500 euskal herritar joan ziren kartzeletara, 74 autobusetan banatuta; hala, harresien bueltan euren aldarrikapenak egin zituzten. Donostiatik lau autobus irten ziren, honako jomugekin: Navalcarnero (Madril), Ocaña (Toledo) eta Segovia.
Kartzeletara bidea egiteko goizean goiz hartu zituzten autobusak donostiarrek, eta euren helmugetara iritsi bezain laster, hamaiketakoa egin zuten. Navalcarneron, esaterako, danbor hotsak zabaldu zituzten, eta besteetan ere ez zen musika falta izan, dultzainak edo beste instrumentu batzuk tarteko. Auzoen arabera, honela banatu zituzten bidaiak: Amara, Amara Berri, Loiola, Gros eta Martutenetik Navalcarnerora; Intxaurrondo, Egia, Altza eta Bidebietatik Ocañara; eta Parte Zaharra, Añorga eta Antiguatik Segoviara.
Espetxe horietan, honako donostiarrak daude preso:
- Navalcarnero: Egoi Alberdi (Amara).
- Ocaña: Juan Carlos Herrador (Antigua), Anartz Oiartzabal (Intxaurrondo), Jesus Mari Lopez (Intxaurrondo), Karlos Trenor (Egia).
- Segovia: Jon Enparantza (Antigua).