Mattin ilustratzailearen marrazki bat.
Otsailaren 23tik maiatzaren 22ra
Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariaren lanak izango dira ikusgai
Aiete kultur etxean. Ilustratzailearen txokoan bilduko dituzte egile donostiarraren marrazki, zirriborro, liburu eta komikiak.
Galtzagorri Elkartearen eta
Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren emaitza da proiektu hau, eta ilustratzaileen lana aintzat hartzeko helburua du.
2012ko urrian Aiete Kultur Etxean inauguratu zenetik, bertatik igaro dira Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketak eta Asun Balzola, besteak beste.
Informazioaren Zientzietan lizentziatua da Martiarena. Hogei urte baino gehiago daramatza ilustrazio lan profesionala egiten. Nagusiki, euskarazko idatzizko prentsan egin du lan: Euskaldunon Egunkaria, Berria, Argia, Irutxuloko Hitza, Napartheid, Ipurbeltz…
2013an Sua itzali, hiria piztu komikia argitaratu zuen (Donostia Sutan 1813-2013 Elkartea). 2015ean Ainara Saezek idatzitako
Txoriak ezkutatzen zuena liburua plazaratu berri du.
Teknika eta formatuei dagokienez, tinta txinatarraz gain, tenperak, marrazkiak eta ordenagailuz egindako irudiak erabiltzen ditu. Ilustrazio eta komikiaz gain, zuzeneko emankizunak ere eskaintzen ditu. Emankizun horietan ipuina eta ilustrazioa uztartzen ditu, baita musika ere.