Txotx festa ospatuko dute Aieten
Auzoko Joakina eta Juani Urrestarazu eta Mari Carmen Illarreta eta Kontxi Laso omenduko dituzte Katxolan.
Festa herrikoia ospatuko dute larunbatean, hilaren 27an, Aieteko Katxola baserrian. Auzo elkarteak antolatuta, txotx festa egingo dute. Joan den urriaren 24an egin zuten muztioa sagardo bihurtu da, eta asteburuan dastatuko dute. Modu tradizionalean egin dute sagardoa. Irailean Kutxa Ekoguneko Zabalegi baserrian bildu zituzten sagarrak – Aieteko jaien egitarauko jarduera gisa-, eta urrian sagarrak txikitu eta prentsatu zituzten Katxolan. Ondoren, muztioa kupela batean gorde zuten.
Larunbat arratsaldean egingo dute txotx festa, 17:30ean. Bertan, auzoko lau emakume omenduko dituzte: Joakina eta Juani Urrestarazu, eta Mari Carmen Illarreta eta Kontxi Laso, Aietek dituen “enbaxadore onenak”. Txalapartak, trikitixak eta kirikotekak girotuta hasiko da festa.
Haurrentzako tailer eta jolasak egingo dituzte Katxola baserriko goiko pisuan. Eta erakusketa batzuk egingo dituzte. Aieteko buruhandi eta zezensuzko zaharrak ikusi ahal izango dira. Baita bolo eta sokatira zaharrak ere, Muntoko toka zaharrarekin batera. Maialen Akizuk eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k bertsoekin girotuko dute festa. Bakailao eta patata tortilla txapelketa egingo dute.