Osteguneko udalbatzarrean emango diote behin betiko onarpena 70 apartamentu egitea ahalbidetuko duen planari.
Uliako parkea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Uliako mintegietan garatu nahi duten
hirigintza proiektuak zeresan handia eman du azken egunotan. Uliatarrak kezkatuta daude parkean etxebizitzak egiteko asmoa mahai gainean jarri duelako berriro udalak.
Babes kanpaina bat jarri dute abian, eta 2.500 sinaduratik gora jaso dituzte dagoeneko.
Hainbat udal ordezkari ere izan dira Ulian, lorategiak bertatik bertara ezagutzeko. Baina Eneko Goia alkateak gaur prentsaurrean adierazi duenez, “Uliako hirigintza planak ez du atzerabueltarik.
Eztabaida ez da parkea edo etxebizitzak. Eztabaida da luxuzko 30 etxebizitza edo gazteentzako 70 apartamentu“.
Herritarren ezinegona “guztiz errespetagarria” dela nabarmendu du alkateak, eta
Uliako Lore Baratzak proiektuaren lana ere balioan jarri du. Baina “parkeko jarduera eta etxebizitzak egitea bateragarriak” direla deritzo. Aurreikusitako
proiektuak parkearen herena hartuko lukeela esan du Goiak; “gainerako bi herenak orain arte bezala erabili eta kudeatzeko aukera izango dute”.
Bestalde,
gazteentzako etxebizitzak eskaintzea udal gobernuaren lehentasunetako bat dela esan du alkateak. Behar horri erantzuteko Uliako proiektua “onuragarria” izango dela esan du.
Eneko Goia alkatea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Uliako egoera ulertzeko denbora atzera egiteko eskatu du Eneko Goiak.
Gaur egungo Hirigintza Planak luxuzko 30 etxebizitza egitea ahalbidetzen du. Iazko apirilean aurreko udal gobernuak plana aldatu eta luxuzko etxebizitzak beharrean gazteentzako etxeak egiteko aukera jarri zuen mahai gainean. Erabaki hura udalbatzak ahobatez onartu zuela gogoratu du Goiak: “iaz abiatutako prozesuari behin betiko onarpena emango diogu osteguneko udalbatzarrean. Guk ez dugu aldaketarik egin, abian zegoen prozesu bati jarraipena eman baizik”.
Hala ere,
EH Bilduk Ulian aurreikusitako etxebizitzak Morlansen egitea proposatu du orain. Goiaren ustez, ordea, hain denbora laburrean halako jarrera aldaketa ulergaitza da eta “gaiaren erabilpen politikoa” egitea leporatu die.