Victor Iriarte, Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kide berria
Tabakalerako ikus-entzunezko programen arduraduna da Victor Iriarte (Bilbo, 1976). Zinemaldiak gaur jakinarazi du jaialdiaren Hautaketa Batzordeko kide berria dela. Berarekin batera, 9 kidek osatzen dute Zinemaldiko Hautaketa Batzordea: Maialen Beloki, Quim Casas, Roberto Cueto, Joxean Fernandez, Jose Angel Herrero-Velarde, Lucia Olaciregi, Ana Esperanza Redondo, Amaia Serrulla eta Victor Iriartek.
Zabaltegi lehiazko saila izango da aurrerantzean
Aurreko hainbat ediziotatik hona, Zabaltegi urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiaketaz kanpoko saila da: sailak ez du izan ez arau formalik, ez gai-mugarik. Alexander Sokurov, Laurie Anderson, Anca Damian, Joao Salaviza, Eric Khoo, Lav Diaz, Jem Cohen, Cornelio Porumboiu, Walter Salles eta tankera horretako beste sortzaile garrantzitsuen filmak eman dira, baita Bruno Dumont egilearen P’tit Quinquin edo Oliver Stone zuzendariaren The Untold History of the United States telesailak ere.
Zinemaldiak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak sinatutako hitzarmen bati esker, Zabaltegi aurrerantzean lehiazko sail izango da, eta bertan parte hartzen duten filmak Zabaltegi – Tabakalera saria eskuratzeko lehiatuko dira. Esandako sari hori 20.000 €-ekoa izango da; horietatik 6.000 € film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 euroak, berriz, film irabazlea Espainian banatzen duen enpresak.
Zabaltegi -Tabakalera saria berariaz sortutako epaimahai batek erabakiko du: zinemaren eta kulturaren alorreko hiru profesional izango ditu gutxienez.
Hitzarmen honekin, bi erakundeek proiektu zinematografiko bereziak eta harrigarriak sortzea sustatu nahi dute, bai alde narratiboari dagokionez, bai alderdi formaletik erreparatuta. Hala, azken urteetan elkarrekin egiten ari diren lana indartuko dute Zinemaldiak eta Takalerak.