Komunitatea sendotu nahi du Garoa liburu dendak
Gros auzoarentzat eta Donostiarentzat egitarau kultural bat antolatzen jarraituko duela berretsi du Garoa liburu dendako lan taldeak. Batez ere, baldintzak eta giroa sortu nahi dituzte, sorkuntzarako eta artistek bidea egin dezaten. Urte eta erdiko ibileran izan duten erritmoari eutsi, eta pauso bat gehiago ematera datoz. Batez ere, ikusmina piztu duen Kultur Hiriburutzaren urtean.
Donostia 2016ren Irakurketak egitasmoan eta Donostiak maiatzan hartuko duen nazioarteko liburu saltzaileen topaketan parte hartuko du Garoak. Gainera, Garoak serio hartu du Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak legatu bat uzteko duen asmoa. Orain arte egindako ibilbideari errepaso kritiko eta eraikitzailea emateko asmoz, gutun kutxa bat jarriko dute Zabaleta kaleko dendan, urte guztian jendearen iritzi, kritika eta proposamenak jaso eta proiektu berriak egiteko.
Jendeari entzutea ezinbestekotzat jo dute, are gehiago komunitate sendo bat izan nahi badute. Garoa liburu dendaren kultur programa euren komunitatean sostengatzen dela, eta nahi duten motako proposamenak eskaintzeko oso aske sentitzen direla azpimarratu dute.
Groseko liburu dendaren kultur agenda gainezka dator. Larunbatean McEnroe Getxoko taldea izango da zuzenean, Paperezko Kontzertuak programaren barruan, 20:00etan. Rugen las flores (2015) izena du argitaratu duten azken lan luzea, baina horretaz eta beste hamaika kontutaz ariko dira, Fermin Etxegoienen gidaritzapean.
Garoa Plazan izenburupean, hitzaldi, eztabaida eta liburu aurkezpenak bilduko dituzte. Hilaren 29an, Asturiasko Manuel Astur idazleak Sere un anciano hermoso en un gran pais liburua aurkeztuko du, 19:30ean. Martxoaren 11n, bi kazetari batuko dituzte Euskal Herriko garai bortitzen inguruan hitz egiteko. Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria eta Gorka Landaburu kazetaria elkarrekin solasean ibiliko dira Gure herria: gaur, atzo eta bihar? gaiaren inguruan. Amaieran, elkarri liburu bana oparituko diote.
Apirilaren 29an, performance bat egingo dute Galder Perez eta Ane Zabala aktoreek, Goizalde Landabasoren Babeserako kopiak liburua oinarri hartuta. Azkenik, maiatzean solasaldia ematera gonbidatuko dute Alejandro Cao de Benos Ipar Koreak Europan daukan ordezkari bakarra (maiatzaren 6an), eta Cesar Renduelesek Capitalismo Canalla liburua aurkeztuko du (maiatzaren 20an).