Miren Manias: 'The Revenant'
‘Basakeriaren gordintasun ederra, entretenimenduaren mesedetan’
ZINEMA KRITIKA. ‘THE REVENANT’ (Alejandro G. Iñarritu).
Pista une batean ere galdu gabe, Alejandro G. Iñarritu zinemagile mexikarra ikusleari ari zaio bere azken lanean. Areago, The Revenant (2015) filmak mezu garbia dauka harentzako: “denok gara basatiak”. Amaierako sekuentzian maisuki adierazten zaigu hori, zuzen-zuzenean begiratzen gaituenean protagonistak. Iñarrituk erakusten du jakin badakiela zinemaren oinarrizko helburuetako bat dela ikuslea entretenitzea, eta horretarako erabili ditu abenturazko istorio ona eta kontaketa ederra. Hori guztia esaten dut filmak ia hiru ordu irauten dituelako eta behin baino ez niolako begiratu erlojuari (neurri handi batean, harritu nintzelako istorioaren amaiera aurreikustean). Gozamena, hitz batean.
Hasteko, aitortu behar dut ikusitako azken lan honek gogora ekarri didala John Houston (1906-1987) zinemagile estatubatuarraren filmografia ederra. Bereziki, hark landutako istorioak, pertsonaiak, narratzeko modua eta zehazki pelikula bat: The Man Who Would Be King (1975). Abenturazko pelikula klasikoen arteko perla bat. Eta onerako izan da, izan ere, ez naiz Iñarritu zalea (Birdman (2013) pelikularekin, adibidez, ia aretotik irten nintzen). Baina, nire arreta irabazten dute The Revenant filmeko Hug Glass (Leonardo DiCaprio) bezalako pertsonaia indartsuek, heroi handiek. Noski, maltzurrak ere ditut maite: John Fitzgerald (Tom Hardy) antagonista kasu. Houstonen pelikulan, berriz, Daniel Dravot (Sean Connery) eta Peachy Carnehan (Michael Caine) lirateke harribitxi horiek. Muturreko egoeran, etsita, guztiek ere haien patuak aldatzeko prest.
Esango nuke, gainera, DiCaprio eta Hardy aktoreen interpretazioek izugarri indartzen dutela The Revenant pelikularen azken emaitza. Lehenengoak, esaterako, ez du hitz handirik egiten; eta bigarrenak, aldiz, zerbait gehiago. Hala ere, biei nahikoa zaie bekain bakarra igotzea hitzez adierazi nahi dutena islatzeko. Pantailaren aurrean aritzeko dohain berezia dute biek eta zineman askotan bermea da aktore onak izatea. Pertsonaia(k), ordea, ez d(ir)a nahikoa. Topikoa badirudi ere, aldi berean, istorioak berak ere aurrera egin behar du modu natural eta osagarrian. Zentzu horretan, Iñarriturenak erakusten du gidoi landua, gorabehera neurtuekin, eta gai da argazkiaren edertasunarekin batera ikuslea behin baino gehiagotan ustekabean harrapatzeko. Basati. Bikain.