Plaza Haundirako prestatu duten eraberritze proiektuaren xehetasunak azaltzen dituzten kartelak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Plaza Haundi erreferentziazko gunea da Egian. Bertan egiten dituzte jai, ospakizun edo aldarrikapen gehienak. Auzotarrak biltzeko plaza da, baina auzotarren arabera,
azpiegiturak ez dira egokienak. Estalki bat badu, baina ez da nahikoa euria egiten duen egunetan babesteko; edo haurrentzako altzariak nahikoa hondatuta daude, esaterako.
Espazio honek duen erabilera eta garrantzia kontuan izanda, Egia Bizirik auzo elkarteko kideak lanean hasi dira. Auzoko arkitektu batzuen laguntzaz, eta urtebeteko azterketa eta gogoeten ondoren,
egokitze proiektu bat osatu dute. Plaza Haundin bertan hainbat kartel jarri dituzte eraldaketaren xehetasunak emanez.
Udalari ere helarazi diote Plaza Haundi egokitzeko eskaera. Orain proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkiete auzoko beste eragileei eta herritarrei, ahalik eta babes handiena lortzeko. Hala, aurki informazio kanpaina bat eta
sinadura bilketa bat egingo dituztela iragarri du auzo elkarteak.