Joakina eta Juani Urrestarazu, Mari Carmen Illarreta eta Kontxi Lasori ohore egin diete txotx festan
Juani Urrestarazu, Kontxi Laso, Mari Carmen Illarreta eta Joakina Urrestarazu. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Munto baserria oso presente izan dute Katxolan egindako txotx festan. Izan ere, omendu dituzten lau emakumeen artean hiruk lotura zuzena dute sagardotegi ohiarekin. Joakina eta Juani Urrestarazu bertan jaio ziren, eta Mari Carmen Illarreta haien lehengusina da. Hauekin batera, Lantxabe auzo elkarteak Kontxi Laso omendu nahi izan du, Etxadi eta auzo elkartearen alde egindako lan oparoa eskertzeko. Gainera, Lasoren kirol ibilbidea nabarmendu dute; disko eta peso jaurtiketetako txapelketetan aritzen da oraindik orain, beteranoen mailan, eta garaipen handiak eskuratu ditu.
Ekitaldian, Lantxabeko ordezkariek gogora ekarri dute Urrestarazu familiak dohaintzan eman zizkiela Muntoko tresna eta objektuak, Katxolan erakusgai jartzeko (Katxolako dolarea Muntokoa da). Mari Carmen Illarretari buruz esan dute auzoko “arima” dela; han eta hemen ibiltzen delako, aietearren arteko lotura mantentzen. Lauek txotx egin dute Eneko Goia alkatearekin. Hain justu, Goiaren izeba da Kontxi Laso.