Zubietako frontoian elkartuko dira erraustegiaren aurkako martxaren bukaeran
Eguraldi iragarpena dela eta, ez dira errauste planta egin nahi duten orubeetara joango.
Erraustegiaren kontrako mugimenduak iganderako antolatu duen martxa egin egingo duela adierazi du. Eguraldi iragarpena dela eta, aldaketa txiki bat egin dute egitarauan, baina herri guztietako hitzorduak mantentzen direla azaldu dute. Andoainen, merkatuan, 8:00etan; Zizurkilen, plazan, 8:00etan; Hernanin, Gudarien plazan, 8:30ean; Añorga Txikin, 9:30ean; Lasarte-Orian, Okendon, 10:30ean; Zubietan, plazan, 11etan; Usurbilen, frontoian, 11:00etan.
Eguraldia dela eta, Letabiden (erraustegia eraiki nahi duten lekuan) nekez egin ahal izango dute aurreikusita zuten ekitaldia. Beraz, martxaren bukaera Zubietako frontoian izango da, eta bertan egingo dute ekitaldi nagusia, 13:00etan: “Beraz, erraustegiaren kontra dauden guztiek, martxan parte hartu ala ez, bihar hitzordu bat dute Zubietako frontoian”, adierazi dute antolatzaileek.
Atxikimendu ugari bildu ditu martxak. Berrogeita hamar talde baino gehiagok bat egin dute igandeko mobilizazioarekin.
Erlazionatutako edukiaAtxikimendu ugari bildu ditu igandean Zubietara egingo duten martxak