III. Bakarrik Hobeto Fest jaialdia egingo dute martxoaren 6an Le Bukowskin. Miren Narbaiza, Jon, Maddi eta Asier Beramendi ariko dira zuzenean.
Miren Narbaiza. (Argazkia: Jon Iraundegi)
Duela hiru urte sortu zen
Bakarrik Hobeto Fest. Egiako
Unai Pelaio Pelax musikaria bakarrik jotzen hasi zen garai hartan, eta
Le Bukowskin jo nahi zuen. Beste hiru bakarlarirekin elkartu zen, eta horrela egin zuen lehen Bakarrik Hobeto Fest jaialdia,
Eneritz Furya, Olatz Salvador eta Adrian Perezekin.
“Jende andana etorri zen, 150 lagun inguru. Ikusi genuen bakarlarientzat bilgune txukun bat zela. Jendea entzutera zegoen. Bakarlariak oholtza gainean daudenean, isiltasuna behar dute”, azaldu du Pelaiok. Geroztik, auzoko Peru Olaberriarekin batera antolatzen du jaialdia. Iaz ere egin zuten jaialdia.
Liher, Iker Lauroba eta Beñat Antxustegi igo ziren oholtza gainera: “Giroa oso aproposa zen. Artistak oso gustura egon ziren. Eta aurten ere, apustu bera egitea erabaki dugu”.
Jon Horna.
Bakarrik dabiltzan artistei gune apropos bat ematea da helburua: “Bakarlarien sorkuntzak zabaltzeko gune apropos bat sortu nahi dugu”. Giro egoki bat sortu nahi dute ikusleek bakarlarien musikaz gozatu ahal izateko, eta bakarlariek espazio egoki batean jotzeko. Askotan bakarlariak jaialdiak irekitzeko, eta egitarauak betetzeko erabiltzen direla uste du: “Gainera, ohitura bihurtzen ari da bakarlariak garagardo azoka batera, eta beste zenbait ekitalditara eramatea. Eta kriston
marroiak dira. Aurrekontu aldetik merkea delako gonbidatzen dituzte. Baina askotan jendeak ez die jaramonik egiten. Jendea beste gauza batera dagoelako. Parrandara, edatera… Artistarekiko errespetu falta ikusi dut une batzuetan”.
Eta horretara dator Bakarrik Hobeto Fest, bakarlariei gune duin bat ematera, haientzat espazio bat sortzera: “Eserlekuak jarriko ditugu, jendea eroso egon dadin. Detaile horiek zainduko ditugu jendea ahalik eta erosoen egoteko”.
Musikariei erronkak jartzea ere gustuko dute: “Batzuek badute bakarrik jotzeko ohitura, baina beste batzuk ez, eta konpromiso horretan jartzea ere gustatzen zaigu. Miren Narbaiza, esaterako, uste dut lehen aldiz ikusiko dugula bakarrik jotzen”.
Asier Beramendi.
Autofinantzatutako jaialdia da erabat, esan du Pelaiok: “Le Bukowskik aretoa uzten digu, eta beste guztia gure esku geratzen da. Etekin guztia artistentzako izango da, sarreren bidez bildutakoa ordainduko diegu”. Sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahal izango dira.
Programa osatzen dutenean, egitarau parekidea osatzea dute helburu nagusien artean: “Oso garrantzitsua da. Hatortxu Rock eta beste jaialdi batzuk sekulako
pitofestak dira. Asko dago egiteko zentzu horretan. Eta badago aukera programa parekideak egiteko. Ez dugu ixten kartela parekidetasuna bermatu arte”.
Martxoaren 6an, igandea, egingo dute III. Bakarrik Hobeto Fest, Le Bukowskin, 18:00etan.
Bakarrik Hobeto Fest. (Egilea: Lide Montero)
BAKARRIK HOBETO FEST. Egitaraua.
Miren Narbaiza: Askok Napoka Iria, Perlak Joseba B. Lenoir Gang eta Dual Split taldeetan ezagutu dute musikari eibartarra. Le Bukowskin bere bakarkako egitasmoa aurkeztuko du.
Maddi: Maddi Noguera ataundarrak iaz hazi zuen bakarkako ibilbidea. Abenduan kaleratu zuen bere lehen abesti bilduma:
Ezagutu, onartu, maitatu.
Jon: Jon Horna gazte donostiarra hamar urterekin ahsi zen gitarra jotzen, bere aitarekin. Bartzelonan ikasten ari zela, Pandanono izeneko musika taldea sortu zuen, eta abesti propio batzuk ere konposatu zituen. Estilo pertsonal bat bilatzen hasi zen. Orain Donostian bere bakarkako ibilbidea hasi du. Ez Dok Amaitu jaialdiaren astean bakarkako emanaldi bat eman zuen, eta ikusleak aho bete hortz utzi zituela diote.
Asier Beramendi: Gitarren sokak eta koaderno zaharren orriak doinu malenkoniatsuen erritmoan dantzan jartzen hasi zen duela hiru urte. Salamanca eta Gotenburgo hirietan sortutako abestiekin etxera itzuli, eta Eraul taldearekin jantzi zituen – txelo, biolin eta piano doinuekin-. Bakarrik Hobeto Fest jaialdian folk, pop eta blues erritmoko abestiekin izango da. Bere lanik intimoena aurkeztuko du.