Baionan izango da ikuskizunaren estreinaldia ekainaren 5ean, eta irailean iritsiko da Donostiara.

Katalina Erauso irudikatzen duen margolana; Ontzi Museoaren ‘Emakumeak eta itsasoa’ erakusketan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Katalina Erauso moja donostiarrari buruzko pastorala sortu du Ipar Euskal Herriko bizilagun talde batek. Miguel Erauso eta Maria Perez Galarragaren alabetako bat zen Katalina, 1890 urte inguruan jaioa. Mila abenturatan ibili zen, gizonez mozorrotuta; eta dirudienez, ez zitzaion gizon larruan sartzea gehiagi kostatu, ez baitzen oso polita. Pastoralak Katalinaren bizitza taularatuko du; hala, ekainaren 5ean estreinatuko dute Baionan, eta irailean iritsiko da Donostiara.
Katalina Pastorala Elkartea lanean dabil 2014ko otsailaz geroztik, pertsonaia ezagunaren bizitza taula gainean erakusteko. Musikari, dantzari, kantari eta aktore amateurrek osatzen dute taldea. Hala, partaide gehienek musutruk egingo dute lan, baina hainbat gastu tekniko ordaindu behar dituzte; beraz, finantziazioa eskuratzeko kanpaina bat jarri dute abian. Antolatzaileek babesa dute jada Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Kontseiluaren aldetik, baita Pariseko, Paueko eta Suitzako euskal etxeen aldetik ere, besteak beste.
Moja abenturazalea
Aita komandante militarra izan zuen Katalina Erausok, eta, ondorioz, txikitatik trebatu zen soldadutza-kontuetan. Haurra zela eraman zuten Antiguako domingotar mojen komentura, Isabel eta Maria ahizpekin batera. Baina, beste moja bat astindu ondoren, hamabost urte inguru zituela, alde egin zuen bertatik. Ilea moztu eta gizon baserritarrez jantzi zen, eta, ordutik aurrera, gizonezkoen larruan sartuta ibili zen, hamaika abentura eta borrokatan parte hartu zuela. Ameriketara bidaiatu zuen, eta soldadu eta marinel lanetan aritu zen. Ezpatarekin oso abila omen zen, baina, hala ere, zauri larri bat izan zuen, eta emakumea zela konfesatu behar izan zuen. Espainiaratu, eta Europan barrena ibili zen bere abentuen berri ematen; eta, azkenean, Mexikora itzultzea erabaki zuen, hil zen arte.