Bertsoak eta jai giroa izan dira nagusi Ibaetako erromerian
Jaietan murgilduta daude dagoeneko ibaetakoak. Izan ere, gaur ospatu dute Aingeru Zaindariaren eguna, ermitan bertan. Trikitixa, animali eta bertsolariek jai giroa ekarri dute auzora.
Mezaren ostean, trikitilariek girotu dute erromeria Juanjo Estangak eta Amelia Mangasek. Lotsatuta bazeuden ere, emakume batzuk dantzan ibili dira musikaren laguntzarekin.
Ondoren, animalien txanda iritsi da. Gorrititarrek pottokak, oilarrak eta zezen txikiak ekarri dituzte. Haurrak izan dira, bereziki, pottoka gainean ibili direnak, baina heldu batek ere ez du aukera galdu nahi izan, eta ondo baino hobeto pasa du.
Azkenik, bertsoez gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, Unai Gaztelumendi, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Jexux Mari Irazuri esker. Beñat Gaztelumendi etortzekoa zen, baina azkenean ezin izan du parte hartu, eta horixe izan da bertsoetako gaietako bat. Horretaz gain, kartzelatik atera berri den Arnaldo Otegi, Donostia 2016 eta, nola ez, Aingeru zaindaria izan dute hizpide bertsolariek.
Erlazionatutako edukiaIbaetako jaiek haur zein helduentzako jarduerak eskainiko dituzte