Koldo Mitxelenan izan da hitzaldia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Satorralaia mugimenduak Koldo Mitxelena Kulturunea bete du berriro, Donostialdeko Metroa hizpide izan duen beste mahai inguru baten bitartez. EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Josu Larrinagak eta Burgoseko Gamonal auzotik etorritako bi lagunek hartu dute parte hitzaldian, Metroaren aurkako mugimenduko ordezkariekin batera.
‘Nork erabaki’ izan da eztabaidaren leloa, eta Metroa bezalako proiektuetan parte hartze prozesuak oztopatu egin ohi dituztela nabarmendu dute; informazioa eskuratzeko zailtasunak jarrita eta kontsultak saihestuta. Josu Larrinagak azaldutakoaren arabera, “oso zaila da porlana eta eraikuntza tartean dituzten egitasmoetan parte hartzeko gonbidapen bat aurkitzea”.
Satorralaia mugimenduko kideek hitzaldia baliatu dute orain arte izan dituzten zailtasunen berri emateko, Metroaren proiektuari buruzko informazioa eskuratzeko ahaleginean. Bizi ari direna kontutan hartuta, aurkeztutako alegazioei emandako erantzunak tartean, ondorio batera iritsi dira: “Administrazioa adarra jotzen ari zaigu”. Irutxuloko Hitzak erreportaje bat argitaratuko du ostiralean, papereko edizioan, gaiaren inguruan.