Urko Labaka Altzako presoa aske utzi dute
Sei urteko zigorra beteta, Urko Labaka Altzako presoa aske utzi zuten astelehenean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Alacanteko Foncalenteko kartzelan izan da preso.
2011ko martxoan atxilotu zuen Frantziako poliziak, beste hiru euskal herritarrekin batera. Ordurako Labaka bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zegoen, 2010ean Espainiako Audientzia Nazionalean zuen epaiketara aurkeztu ez zenetik. Labaka 2007ko abenduaren 14an atxilotu zuten Donostiako gazte independentisten aurka egindako polizia operazioan. Kale borroka ekintzetan parte hartu izana egotzi zioten orduan. 2009ko ekainean, ordea, aske gelditu zen, 12.000 euroko bermea ordainduta.