Argazki Rallya antolatu dute Altzan
Edozein zaletuk izango du parte hartzeko aukera igandeko lehiaketan.
II. Argazki Rallya egingo dute igandean, Altzan. Zehazki, Altzako Historia Mintegiaren, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eta Casares-Tomasene kultur etxearen artean antolatu dute lehiaketa, eta argazkiak ateratzea gustuko duen edonork parte har dezake. RalIya 10:00etan hasiko da Tomasene kultur etxean; ondoren, ingurutik argazkiak ateratzera joango dira partaideak. Aurretik izena ematea gomendatzen dute, casareskulturetxea@donostia.org posta elektronikora idatzita.
Naturarekin lotutako argazkiak egin beharko dituzte partaideek, eta egunean bertan jasoko dute gai zehatza. Gainera, Tomasene kultur etxean 12:00etan hamaiketakoa hartzeko aukera izango dute argazkilariek; eta, 14:00etan, amaitutzat emango dute rallya. Partaideek astebeteko epea izango dute gai bakoitzeko argazki bat posta elektronikoz bidaltzeko: rallycasares@gmail.com. Bi maila banatu dituzte: A maila (14 urte artekoak) eta B maila (15 urtetik gorakoak).
Aurten, gainera, lehiaketako egun berean, umeentzako argazkigintza ikastaro txiki bat emango dute, 9:30etik 10:30era.
Ondoren, rallyan ateratako argazkiekin erakusketa bat osatuko dute apirileko Natur Astean. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko zenbait partaidek aukeratuko dituzte Natur Asteko argazkiak.
Oinarriak ikusgai daude, eta edozein zalantza argitzeko edo argibide gehiagorako, Altzako Historia Mintegira dei daiteke: 649 496 607 (Maribel).