Udaletxean egindako bilera. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Txomin Eneako bizilagunekin bilera egin dute udal gobernuko ordezkariek eta hirigintza proiektuko arduradunek, udaletxean. Urtarrilaren 15ean sinatu zuten kontratua eraikuntza enpresekin, eta izapideekin ari dira orain lanekin lehenbailehen hasteko. Obren arduradunek jakinarazi dutenez, maiatzean hasiko dira lehen etxebizitzak eraikitzen.
Lehen faseko lehen zatian, 460 etxebizitza egingo dituzte; horietatik 95, etxez aldatu zituzten bizilagunei zuzenduta. Era berean, 32 etxebizitza tasatu, babes ofizialeko 162 eta 171 etxebizitza libre egingo dituzte. 2018. urteko maiatzerako espero dute bizilagunei zuzendutako 95 etxebizitzak eraikita egotea, eta besteak hilabete geroago. Proiektuak, baina, 1.341 etxebizitza aurreikusi ditu guztira, bigarren fase bat ere egongo baita. Orotara, babes ofizialeko 829 etxebizitza egingo dituzte, plaza nagusi bat eraikiko dute eta Urumeako ibai parkea egokituko dute, interpretazio zentro batekin.
Eneko Goia alkatearen hitzetan, “albiste ona da, tunelaren bukaeran argia ikusten hasiak garelako; albiste txarra, berriz, oraindik gutxienez 45 hilabete itxaron beharko dugulako hirigintza proiektu osoa errealitate izateko”. Denbora horretan guztian bizilagunekin harreman zuzena izango dutela nabarmendu du. Honen harira, proiektuko arduradunek esan dute apirilaren bukaeran elkartuko direla bizilagunekin, obren kalte eta gorabeherei buruz hitz egiteko.
Irutxuloko Hitzak Txomin Enea nola geratuko den irudikatzen duten argazkiak eta bizilagun batzuen iritziak jasoko ditu ostiralean, papereko edizioan.