Gune kritikoak eraldatuko dituzte herritarrek
Olatu Talkaren programaren baitan, segurtasun edo jarduera gabeko guneak hobetzen arituko dira.
7. Olatu Talka aurkeztu dute gaur, Donostia 2016 gunean. Azaldu dutenez, maiatzaren 20, 21 eta 22an egingo dute; eta dagoeneko 150 proposamenetik gora jaso dituzte, musika, kirola, antzerkia, teknologia berriak, dantza, gastronomia, ingurumena edo artearekin lotutakoak. Aurtengo leloa hiria egin izango da; hala, hiritarrek hiriaren beraren eraldaketan parte hartzeko aukera izango dute. Ardatz nagusia gune kritikoak izango dira; izan ere, iaz, Donostiako Udalak, zenbait eragilerekin batera, gune kritikoen azterketa lan bat argitaratu zuen, eta horixe da oinarritzat hartuko dute Olatu Talkan. Bada, herritarrei protagonismoa emanez, segurtasun edo jarduera gabeko guneak hobetzen ibiliko dira. “Hiritarrek badute zertan lagundu, eta modu honetan arazoei aurre egingo diete, taldean eta sormena erabilita”, adierazi du Olatu Talkako zuzendari Jon Aizpuruak.
Gune kritiko horien lau adibide eraman dituzte prentsaurrekora: Morlanseko eraikin berrien etxebeheak, Huts Uneak, Loiola eta Loiolako Erriberen arteko saihesbidearen azpialdea, eta Egiako Bide Segurua proiektua. Morlanstarrak auzo elkarteko Cristina Moranek azaldu duenez, auzoko gune kritiko bat eraldatuko dute, seguruagoa eta atseginagoa egiteko helburuarekin.
M-Etxea kolektiboko kide Miren Izagirrek adierazi du eurek arkitekturaren inguruan gogoetak egiten dituztela, eta erabiltzailea izaten dela abiapuntua. “Norbanakoak izugarrizko gaitasuna du eraldaketa egiteko, eta espazioei beste erabilpen bat emateko. Olatu Talkari esker, saihesbide azpiko ingurua eraldatuko dugu”.
Huts Uneak proiektuaren bidez, hutsik geratzen diren espazioak beteko dituzte, herritarrek proposatutako erakusketa proiektu artistikoak hartuta.
Azkenik, Egian Aitor ikastolan jaio zen bide seguruen proiektuari jarraipena emango diote. “Autoek kendu diguten espazioa berreskuratzea da xedea”, nabarmendu du Lola Boludak. Proiektua hazten joan dela azaldu du, eta auzoko eragile, komertzio eta norbanakoak parte hartzen ari direla. Horregatik, aurrerantzean beste auzo batzuetan antzeko proiektua egiteko aukera ez dute baztertzen.