Herritarrek kategoria bakoitzetik hamar finalista aukeratuko dituzte; webgune bidezko bozketa martxoaren 15ean amaituko da.
Lehiaketan parte hartu duen karteletako bat.
Donostia Zinemaldiak antolatutako kartel lehiaketa aurrera doa. Izan ere, ireki berri dute
kartel gustukoena hautatzeko epea euren webgunean, kategoria ezberdinetan aurkeztu diren
1.692 kartelen artean.
Bozkatzeko aukera martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Amaieran, kategoria bakoitzeko 20 finalista posibleetatik 10 aukeratuko dituzte.
Kartel gustukoenen aldeko botoa emateko ezinbestekoa da aldez aurretik lehiaketaren orri berezian izena ematea:
www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa, bertan erabiltzaileek botoak sare sozialetan zabaldu eta partekatzeko aukera ere izango dute. Erabiltzaile bakoitzak saileko eta eguneko boto bakarra eman ahal izango du. Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek
1.000 euro jasoko dituzte sail bakoitzeko karteleko.
Epaimahai berezi batek kartel irabazleak hautatuko ditu boto gehien jaso eta Zinemaldiak aukeratu dituztenen artean, eta sariak zozketatuko dira atal bakoitzeko kartel irabazleen aldeko botoa eman dutenen artean (guztira bost irabazle izango dira eta bakoitzak hamar saioko zinema-abonu bana eta Zinemaldiaren 64. edizioaren argitalpen sorta bana jasoko du). Aurtengoan, lehiaketatik kanpo geratuko da kartel ofiziala. Izan ere, hamar diseinu estudiok aurkeztutako proposamenen artean aukeratuko dute.
- Herritarren bozketa: martxoaren 1etik (13:00h. GMT+1), 15era arte (23:00h. GMT+1).
- Finalisten jakinarazpena: martxoaren 17an.
- Kartel irabazleen jakinarazpen publikoa: maiatzaren 6an.
- Kartel irabazleen aldeko botoa eman dutenen arteko sarien zozketa: maiatzaren 10ean.